‘Julia Fernandez Zabaleta’ pastorala ikusteko azken aukera izanen dute larunbatean Zuberoan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 19:00

Pastoralaren hiru emanaldi arrakastatsu eman dituzte Iruñean eta orain azkena emanen dute Zuberoan.

Altzaiko eskolako arrabotüan emanen dute  arratsaldeko hiruetatik aitzina, Xiberoko ikastolek antolaturik

Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak prestatua, Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak ikusgarria hiru aldiz eman da aurten, hirurak ere Iruñean eta arrakasta handiz, hiru saioetan sarrera guztiak agorturik; azkena, joan den larunbatean, hain zuzen ere. Orain, pastorala ikusteko azken aukera izanen da larunbat honetan (urriak 19), 15:00etatik aitzina Altzaiko eskolako arrabotüan, Xiberoko ikastolek antolaturik. Euria bada, Altzaiko salan emanen dute.

Julia Fernandez Zabaleta, Iruñeko maistra

Pastoralak Julia Fernandez Zabaleta (1898-1961) Iruñeko maistraren bizitza kontatzen du. Juliaren bizitzak hiru ardatz izan zituen: pedagogia berria ekarri zuen Iruñeko eskolara, emakumeen eskubideen alde borrokatu zen, eta euskara eta euskal kultura gogoz eta sutsu bultzatu zituen. Euskara gaztetan ikasia, Iruñeko lehen ikastola sortu zuen 1931n Iruñeko bertze gizon-emakume batzuekin batera. Francok 1936an estatu-kolpea eman zuenean, ihesi joan zen: lehenik, Bilbora, eta han, Euskal Gobernuak Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordekide izendatu zuen. Gero, frankistek Bilbo hartu zutelarik, Lapurdiko Getariara jo eta errefuxiatuen seme-alabei eskolak eman zizkien. Iruñeko agintari frankistek lanpostutik bota zuten 20 urterako eta klase partikularrak eman behar izan zituen bizimoldea ateratzeko. Halaber, lan handia egin zuen emakumea politikan aritzeko, Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan baitzen Nafarroan eta EAJko kide eta mitinlari nagusietako bat ere bai.

Mikel Tabernak idatzia, Ihitz Iriart errejenta

Pastoraleko errejenta Ihitz Iriart Cassenave kultur sortzailea da, Alozeko Mendiondon sortua, aspaldian Iruñean bizi dena eta Zaldiko Maldiko elkarteko kantu tailerraren eramailea. Hainbat Pastoraletan aritua, Amaren Alabak taldeko kantaria ere bada.

Pastorala Mikel Taberna Irazoki idazleak idatzi du, Alkaiagan sortua eta Iruñean bizi dena. Poesia eta ipuingintza landu ditu batez ere, eta eleberri bat: “Alkasoroko benta”.

Arizaleak eta musikariak, funtsean, Iruñeko bizilagunak dira. 31 arizale eta zortzi musikari, bai eta Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua bertsolariak ere.

Sarrerak 15 euroan dira salgai Atharratzeko Curutchague magasian eta Mauleko Euskalduna ostatüan. Baina Altzain bertan ere salduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun