Denok Bat federazioak 300 denda txiki baino gehiago biltzen ditu Nafarroan, eta Superbotereak kanpainaren bigarren fasea abiarazi du. Ekimen honek tresna digital berriak, prestakuntza pertsonalizatua eta zuzeneko bisitak eskaintzen dizkie establezimenduei, tokiko merkatariei merkatu digitalera egokitzen laguntzeko eta Nafarroako auzo eta herrien bizitasuna indartzeko.
Nafarroan 300 denda eta zerbitzu txiki baino gehiago ordezkatzen dituen Denok Bat Federaziok, Superbotereak kanpainaren bigarren fasea jarri du abian, modernizazio digitalaren bidez tokiko merkataritza indartzeko diseinatua. Merkatuaren digitalizazio gero eta handiagoarekin eta txikizkako merkataritzak aurre egiten dien erronkekin, fase honetan tokiko merkatariei aitzinera egiteko beharrezko tresnak ematen zaizkie.
Denok bat Federazioak Merkatarien Elkarte hauek eta guztira 300 saltoki biltzen ditu:
- Larun Haizpe elkartea. Bera. 48 bazkide
- Lesakako Zerbitzuen Elkartea. Lesaka. 27 bazkide
- Doneztebeko merkatari eta zerbitzu elkartea. Doneztebe. 38 bazkide
- Bertan Baztan elkartea (Baztango merkatarien, ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkartea). Baztan. 74 bazkide
- La Rotxa Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea. Arrotxapea auzoa, Iruña 61, elkartekideak
- Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartea. Sakana. 53 bazkide
Kanpainaren fase berriak ekosistema digital oso bat sartzen du, toptopa.shop izeneko marketplace-a. Online plataforma horrek aukera ematen die saltokiei produktuak publiko zabalago bati saltzeko, bai tokiko mailan, bai Nafarroatik haratago., Giltzaria fidelizazio-txartela ere nabarmentzen da, bezeroei onura esklusiboak eskaintzen dizkiena eta leialtasuna sustatzen duena erosketa fisikoen zein digitalen bidez.
Horrez gain, Denok Batek kudeaketa integraleko aplikazio bat garatu du, saltokien eguneroko eragiketak sinplifikatzen dituena. Tresna horrek inbentarioa, fakturazioa eta funtsezko beste funtzio batzuk modu eraginkorragoan kudeatzeko aukera ematen du, eta zuzenean konektatzen da toptopa.shop marketplace-arekin eta Giltzaria fidelizazio-txartelarekin, esperientzia integratu bat eskaintzeko.
Bisita pertsonalizatuak
Fase honen barrenean, Denok Batek bisita pertsonalizatuak planifikatu ditu elkartutako saltoki bakoitzera, tresna berriak xehetasunez aurkezteko. Bisita hauen helburua ez da informazioa ematea bakarrik, baita laguntza pertsonalizatua ematea, zalantzak argitzea eta soluzioak negozio bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzea ere. «Guretzat funtsezkoa da merkatari bakoitza eraldaketa prozesu honetan babestuta sentitzea. Denok Bat-eko kide bakoitzak lehiakor izateko tresnarik eta prestakuntzarik onenak izatea nahi dugu», nabarmendu du Deñe Abuin lesakarrak, Denok Bat elkarteko bozeramaileak.
Horrez gain, kanpainak sare sozialetarako zenbait azalpen-bideo zabalduko ditu, bai eta merkatariak tresna berri bakoitzaren erabilerara animatzeko diseinatutako material espezifikoak ere. Hezkuntza-material horiek telefono bidezko arreta-zerbitzu esklusibo batekin osatzen dira, non talde espezializatu bat edozein zalantza argitzeko eta euskarri teknikoa emateko prest egonen den.
Ekimen hori hainbat entitateren lankidetzari esker babestu ahal izan da, Nafarroako Gobernua eta Cederna Garalur barne, tresna digital horiek garatzeko eta sustatzeko funtsak eta baliabideak eman baitituzte.
Ekintza horien bidez, Denok Bat Federazioak Nafarroako tokiko merkataritzarekin duen konpromisoa indartzen du, tokiko ekonomia sustatzen duen eta bizitza komunitario aktibo eta zirraragarria mantentzen duen hurbiltasun-eredu bat sustatuz. «Ziur gaude tresna berri horiekin gure merkatariek egungo erronkei bizirauteaz gain, etorkizun digitalean ere aitzinera eginen dutela», ondorioztatu du Deñe Abuin Arrasatek, Denok Bat-eko bozeramaileak.