Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna: 'Landa eremukoak konplexurik gabe'

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 15a, 11:00

Argazkia: Nicolas Ardanaz.

Gaur, urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da, emakumeek landa garapenean egiten dituzten ekarpenak aitortzeko eguna. Hori dela eta, Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak adierazpen instituzionala kaleratu du. Bertzeen artean, Baztango, Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako Udalek babestu dute, baita Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ere.

Gaurko egunean, emakumeek landa ingurunean jendartean berdintasuna lortzeko egiten duten borroka aldarrikatzen eta ospatzen da, eta, horrekin batera, merezitako omenaldia egin nahi zaie landa eremuko emakumeei, garapen ekonomiko, sozial eta iraunkorrean eta landa eremuko udalerrietan biztanleria finkatzean duten eginkizun estrategikoa aitortuz.

Emakumeak nekazariak edo abeltzainak dira, baita enpresaburuak, ekintzaileak, artistak, kirolariak, zaintzaileak, politikariak… Aniztasun horrek agerian uzten du komunitateetan betetzen duten zeregin anitza eta funtsezkoa. Bertzeak bertze, emakumeen parte-hartze politikoa alkatetza eta kontzejuetako presidentzien % 32 da, Estatuko batez bertzekoa baino % 7,5 gehiago. Gainera, Nafarroako emakumeak landa ekintzailetzaren buru dira: Nafarroako hiru landa-ekintzaileetatik bi emakumeak dira.

Azkenik, azkeneko datuen arabera, emakumeen ia bikoitzak gizonek baino goi-mailako titulazio gehiago ditu, % 52,7ko tasa du unibertsitateko ikasketekin, eta gizonen kasuan, berriz, % 45,3koa da.

Testuinguru horretan, Landa Garapenerako Foru Legearen zirriborroa garatzen ari da, eta, bertan, Landa Eremuko Emakumeen Estatutua txertatzea aurreikusten da, emakumeek Nafarroako landa ingurunean duten eginkizuna aitortzeko eta indartzeko funtsezko alderdi gisa.

Araudi horrek aukera eta berme bat ematen du tratu eta aukeraberdintasuna sustatzeko, sektore guztietan emakumeen presentzia sustatzeko pizgarriak emanez, landa eremuko emakumeen talentu eta berrikuntza gaitasuna indartuz, eta lurraldeetako trebakuntza eta prestakuntza feminista hobetuz. Era berean, funtsezkoa da indarkeria sinbolikoak desagerraraztea, tradizioz esleitutako rolekin lotzen diren landa eremuko emakumeen diskurtsoa, ideietan eta irudikapen desegokietan nahastuta baitaude.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Toki eta Lurralde Erakundeok aurten ere urriaren 15a ospatuko dugu, berdintasun politika publiko aktiboak, zeharkakoak eta intersekzionalak lantzeko konpromiso irmoarekin. Funtsezkoa da landa eremuko emakumeak benetako berdintasun egoeran jartzea, beren bizi baldintzak hobetzeko garapen pertsonal eta profesionaleko dibertsitatea eta inguruabar espezifikoak kontuan hartuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun