Baztango eta Bortzirietako Baztanzopak, Hor gu! eta Mutilatuak taldeak Bardoetako finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 15:00

Asteburuan Etxaurin, Irunberrin eta Tuteran finalaurrekoak jokatu dituzte, eta hala erabaki dira urriaren 26an Garesen jokatuko den finalean zein hiru talde ariko diren. Hirurak eskualdekoak dira: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak.

Etxauriko saioan 2o bat lagun bildu ziren, eta Baztango eta Bortzirietako Mutilatuak eta Atarrabia-Barañaingo Argako Bixiguak taldeko bertsolariak aritu ziren kantari: Eneko Fernandez (Lesaka), Julen Zelaieta (Bera) eta Urko Gartzia (Lekaroz) lehenbiziko taldean, eta Ander Baiano, Iñigo Aranguren, Martin Berrizbeitia eta Mikel Lasarte bigarrenen taldean. Iban Garro Lesakako gai jartzailearen aginduetara aritu ziren bertsotan. Joaneko saioan, urriaren 4an Irurtzunen jokatutakoan, garaipena lortu zuten Mutilatuak taldekoek, eta gauza bera egin zuten asteburuan, finalerako txartela ziurtatuz. 

Irunberrin egin zuten larunbateko bertze finalaurrekoa eta 30 lagunen aitzinean, Baztango Baztanzopek eta Altsasu-Barañain-Leitzako Manteleko sobrek parte hartu zuten. Baztandarren taldean, Alazne Untxalo (Ituren-Erratzu), Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi) eta Malen Alzuart (Erratzu) aritu ziren bertsotan. Atarrabia-Barañain-Leitzarren taldean, berriz, Ekain Alegre eta Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga leitzarrak. Gai jartzaile Ane Fagoaga erratzuarra aritu zen. Baztandarrek irabazia zuten joaneko saioa, urriaren 4an Tafallan egindakoa, eta larunbatean ere eurek izan ziren irabazle, finalerako txartela lortuz.

Hirugarren finalaurrekoa Tuteran egin zuten. 40 bat lagun bildu ziren Iruñerriko EzKrashen eta Bortzirietako Hor gu! taldeen arteko saioa ikustera. Iruñerrikoen taldean, Antton Ciriza, Ion Zendoia eta Josu Sanjurjo (Lesaka) ibili ziren eta Bortzirietako taldean, Estitxu Arozena (Lesaka) eta Itziar Mitxelena eta Kattin Madariaga aranztarrak. Gai jartzaile Eider Azkoaga aritu zen. Joaneko saioan, urriaren 4an Iruñean izandakoan, Bortzirietako taldearentzat izan zen garaipena eta hala izan zen larunbatean ere, finalean lekua eginez.

Beraz, Baztan eta Bortzirietako Baztanzopak, Hor gu! eta Mutilatuak taldeak ariko dira finalean. Garesko Zamariain Pilotalekuan eginen dute finala, urriaren 26an, 17:30ean. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun