Baztan-Bidasoko XXXII. Ehiza jardunaldi gastronomikoak urriaren 18tik abenduaren 8ra eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 18:00

Koteto Ezkurra, Fausto Prieto, Belen Urrutia, Mikel Albisu, Carlos Lezeaga eta Patxi Saenz, ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoen aurkezpenean, Arantzako Burlada jatetxean.

Zazpi jatetxek parte hartuko dute eta aurten ere argazki lehiaketa antolatu dute eta urriaren 16tik azaroaren 13ra parte hartzen ahal izanen da

Baztan-Bidasoko Ehizari buruzko XXXII. Jardunaldi gastronomikoak antolatu ditu Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin. Urriaren 14an egin dute aurkezpena Arantzako Burlada jatetxean. Hala, urriaren 18tik abenduaren 8ra Baztan-Bidasoaldeko zazpi jatetxetan ehizari lotutako menu eskaintza zabala dastatzeko aukera izanen da.

Aurkezpenean izan dira Koteto Ezkurra (Iñurrieta ardotegia), Fausto Prieto (Errotazar artisau produktuak), Belen Urrutia (Elbeteko Posada), Mikel Albisu (Baztan-Bidasoa Turismo Elkartea), Carlos Lezeaga (Pirineos Exdim) eta Patxi Saenz (Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko marketin eta produktu turistikoko zuzendaria).

Fausto Prieto, Belen Urrutia eta Mikel Albisu, aurkezpenean.

 

Zazpi jatetxe

Bortzirietan Arantzako Aterpeak (Arantza), Burlada jatetxeak (Arantza) eta Pabloenea jatetxeak (Arantza) parte hartuko dute; Malerrekan Donamariako Bentak (Donamaria); Baztanen, berriz, Urgain jatetxea (Oronoz-Mugairi), Olari jatetxea (Irurita) eta Elbeteko Posada (Elbete) izanen dira.

Horrez gain, Ehizatu pintxoa ekimenari ere eutsi diote, eta hainbat jatetxek ehiza pintxoa dastatzeko aukera emanen dute, Iñurrieta ardotegiaren babesarekin (ehiza-pintxoa eta Inurrieta ardoa 4 euroren truke).

Aurtengo edizioan menuen eskuorriak era digitalean soilik argitaratu dira. Dagoeneko, jardunaldien inguruko informazio guztia Elkartearen webgunean zintzilikatuta dago.

Horrez gain, Baztan-Bidasoko Turismo Elkarteko sare sozialetan (Facebooken eta Instagramen) ere informazioa parekatuko da, eta e-mail marketin bidez, urriko Newsletter-ean jardunaldien berri eman da.

 

Berrikuntzak

Bi berrikuntza dakartzate aurtengo jardunaldiek. Alde batetik, ‘Kaixo eta mila esker’ ostalaritzaren kanpainarekin bat egin dute. Ikusgarritasuna eman nahi zaio Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak ostalaritzan errespetua sustatzeko udan martxan jarri zuen kanpainari. Hala, bai katek, karta eta jatetxeetako mahaietan paratuko diren euskarrietan, kanpainaren ikur horia agertuko da.

Bertzetik, argazki lehiaketa sustatze aldera, jatetxeetako mahaietan argazkiak ateratzeko gonbita egiten euskarriak paratuko dituzte. Aurten, argazkiak elkarteko Whatsapp zenbakira (608 54 48 00) bidali beharko dituzte bezeroek. Modu horretan, argazkiak igortzeko prozesua erraztu nahi da eta parte hartzea sustatu.

Théo Cantagrelen argazki honek irabazi zuen joan den urteko lehiaketa eta jardunaldien irudia izanen da aurten.

 

X. argazki lehiaketa

Ehiza jardunaldi gastronomikoen ehiza eta udazkeneko produktuen argazki lehiaketa ere martxan paratu dute, hamargarren aldiz. Urriaren 18tik azaroaren 24ra eginen dute eta irabazlea azaroaren 28an jakinaraziko dute. Saria bi lagunendako otordua izanen da jardunaldi hauetan parte hartzen duen jatetxeren batean eta, ohi bezala, argazki irabazlea datorren edizioko kartelaren eta eskuorrien irudia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun