Eskualdeko korrikalariak bikain ibili dira Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 14:30

Larunbateko Gaueko Lasterketan Hodei Lujanbio goizuetarra eta Ainhoa Etxegarai beratarra nagusitu ziren eta igandeko mendi maratoi erdian, Aimar Otxoteko lesakarra eta Ane Elzaurdia beratarra

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa (UKL) urriaren 12an eta 13an egin dute, Azkar Kirol taldeak eta Urdazubiko gazteriak antolatua, Urdazubiko Udalaren eta Mugarkiren laguntzaz.

Urteroko gisan, larunbatean, urriaren 12an Gaueko Lanak izeneko 9,5 kilometroko lasterketa egin dute, 500 metroko desnibelarekin. Joan den asteburuan lehen aldiz Orreaga-Zubiri lasterketa irabazi zuen Hodei Lujanbio goizuetarra nagusitu zen (51.17), Mikel Beunza (51.29) eta Aritz Sardinaren aitzinetik (54.45). Emakumeen artean, Berako Manttaleko Ainhoa Etxegarai gailendu zen ((1.02.11), Urruñan bizi den Maud Combarieu (1.02.34) eta Olatz Salaberria (1.08.01) gibelean utzita.

Biharamunean, urriaren 13an, 22 kilometroko lasterketa egin zuten, 1.200 metroko desnibelarekin, Nafarroako Koparako baliagarria. Gizonezkoen artean, Beti Gazteko Aimar Otxoteko lesakarra nagusitu zen (1.55.16), Manttaleko Beñat Albisu beintza-labaiendarra bigarren izan zen (1.56.09) eta Txurregi Aritz Sardina hirugarren (1.56.29).

Emakumeen artean, Soronea Amma taldeko Ane Elzaurdia beratarra izan zen bizkorrena (2.13.03), Globetrailer taldeko Maud Combarieu (2.16.15) eta Senpereko Spuc Lasterkako Sarah Goalard hirugarren (2.35.51)

Sailkapen konbinatua

Bi eguneko proben denborak batuta, gizonezkoen artean, bietan hirugarren izan zen Aritz Sardina suertatu zen garaile (2.51.14), Urdaburuko Asier Rios bigarren (3.18.37) eta Vaincreko Michel Guilcou hirugarren (3.21.53). Ulibeltzak elkarteko Igor Agesta sunbildarra laugarren izan zen (3.32.06) eta Mikel Unanua baztandarra bosgarren (3.33.43). Emakumeen artean, bi probatan bigarren izan zen Maud Combarieu izan zen bizkorrena (3.18.49) eta BKEko Nerea Huarte bigarren (4.06.46).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun