Nastat eta INSEE estatistika institutuek emandako datuei begira jarri da TTIPI-TTAPA, eskualdean turismo alorrean ari diren etxeen panorama zein de jakin nahian. Baztango, Bertizaranako, Bortzirietako, Leitzaldeko, Malerrekako, Urumealdeko eta Xaretako (Senperekoak barne) datuak kontuan hartuz, guztira 637 dira.
Eskualdeka, gehienak, % 35,32, Baztanen daude. Gibeletik du Xareta, eskualdeko etxe turistikoen % 27,47rekin. Bortzirietan eta Malerrekan daude etxe turistikoen % 17,74 ta 13,81, hurrenez hurren. Eta Leitzaldean (% 3,30), Bertizaranan (% 1,57) eta Urumealdean (% 0,78) guttiago dira. Arestian aipatutako estatistika institutuen arabera, TTIPI-TTAPAren eremuan dauden 27 udalerrien artean, Arano da etxe turistiko bakar bat bera ere ez duen bakarra.
Ukitu mapan herri bakoitzeko kopuruak ikusteko
Baztan
Argitaratutako azken datuak 2023ko abenduaren 31koak dira, eta horren arabera, 225 etxe turistiko daude Baztanen, 2020an tenore berean baino 35 gehiago.
Xareta
Xaretan ere etxe turistiko aunitz daude: Saran 113 (2020tik ez da kopurua emendatu), Senperen 24 (2020an baino bat gutiago), Urdazubin 23 (2020an baino bat gutiago) eta Zugarramurdin 15 (2020an bezala).
Lau herriek turismoarekin duten lotura handia da, turisten erakargarri dira. Horri lotuta aipatu behar da, Hegoaldean landetxeak eta apartamentu turistikoak gehiago direla, eta Saran, eta batez ere Senperen, horri kanpinen eta hotelen eskaintza gehitu behar zaiola. Adibidez, Senperen zazpi hotela daude eta horietan 191 lagun hartzeko tokia; Saran, berriz, lau hotel eta 66 lagunendako ohatzeak. Kanpinen kasuan, Senperen sei kanpin daude 461 lagun hartzeko tokiarekin, eta Saran hiru, 167 tokirekin.
Bortziriak
Bortzirietan 113 etxe turistiko daude, eta gehienak, guztira 43, Etxalarren (2020an baino bat gehiago). Lesaka eta Arantza heldu dira gibeletik, 24 eta 23 etxe turistikorekin, hurrenez hurren. Bi kasuetan, 2020tik honat lau gehiago ireki dituzte. Beran 16 dira (2020an baino hiru gehiago) eta Igantzin da kopururik ttikiena; zazpi dira, 2020an bezala.
Malerreka eta Bertizarana
Malerrekan dauden 88 etxe turistikoetatik gehienak Iturenen (18) eta Sunbillan (17) daude. Ezkurra (8), Donamaria (7) eta Elgorriga (7) dira zerrendan hurrengoak, eta gibeletik Oiz (5), Beintza-Labaien (4), Urroz (4) eta Zubieta (4). Saldiasen azken urtean bi etxe turistiko ireki dituzte eta Eratsunen bakarra dago. Beraz, gehiago edo guttiago, baina Malerrekako herri guzietan badira etxe turistikoak.
Bertizaranan, berriz, guztira hamar etxe turistiko daude, 2020ko datuekin konparatuz, bat gehiago.
Leitzaldea eta Urumealdea
Leitzan ere badira etxe turistikoak, 19 guztira, eta 2020az geroztik bi gehiago ireki dituzte. Areson, berriz, azken urteotako kopurua mantendu dute; bi dira.
Goizuetan, berriz, zazpi etxe turistiko dira guztira, 2020an baino bat gehiago, eta aipatu bezala, Arano da eskualdean etxe turistikorik ez duen udalerri bakarra.