[GUTUNA]: «Nafarroako Suitza»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 12a, 10:00

Aitor Rekaldek iritzi artikulu hau partekatu nahi izan du irakurleekin. Hainbat zerbitzu hartu ditu hizpide: osasun zerbitzua, liburutegiko zerbitzua... Eta «hainbertze 'maite' duten landa eremu honi torlojuak estutzen denbora dezente daramatela» salatu du.

Hainbat hedabidek gure eskualdeko udalerriak bertze herrialde edo hiri batzuekin konparatzen dituzte: Baztan Nafarroako Suitza gisa definitzen dute, Lesaka aldiz, Nafarroako Venezia gisa. Honen zergatia etxeen tipologiagatik edo paisaia berdeengatik izan ohi da, edota txokolate onagatik, nik zer dakit. Hala ere, edozeinek modu erraz batean ezeztatzen ahal du Baztan eta Suitzak ez dutela deus ikustekorik.

Erraten dute Suitzako osasun arreta eta kalitatea paregabea dela. Eta hemen, medikurik gabe gaude... Suitzako hezkuntza baliabideak ere goraipatzen dira noiznahi. Hezkuntza nik behinik behin, liburuekin lotzen dut. Gure bailaran hilabete pasa egon gara liburuzainik gabe, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak langilerik bidaltzen ez zuelako. Hemen ere, beraz, urritasuna nonahi.

Denok badakigu Suitzan erloju garestiak fabrikatzen dituztela. Nik uste guk ez dugula erlojuak fabrikatzen hasteko beharrik, baina egia da bai, denbora dezente daramatela hainbertze «maite» duten landa eremu honi torlojuak estutzen. Erlojurik ez izan arren, badakigu gutti falta dela iluntasunean bizitzeko. Noiz arte?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun