Euskal Herriko lehen mailako aizkolarien kanporaketa jokatu dute larunbat arratsaldean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Hamaika aizkolari aritu ziren lehian, urriaren 27an, hileko azken igande eguerdian Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den finalerako sei txartelen bila. Iker Vicente izan zen bizkorrena kanporaketan. 54 ontzako bi, 60 ontzako bi eta 72 ontzako bi enborrak mozteko 18 minutu eta 11 segundo behar izan zituen.
Otsagabikoak bi minutu eta erdiko aldea atera zion bigarren izan zen Hodei Ezpeletari (20.47). Julen Gabirondo hirugarren izan zen (21.17), Jokin Urretabizkaia Basozabal laugarren (21.26), Zigako Joxean Etxeberria bosgarren (21.28) eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a seigarren (21.32). Seikote hori izanen da urriaren 27an Gasteizko finalean eta lan bikoitza izanen dute.
Hiru segundogatik finaletik kanpo gelditu zen Donezteben zazpigarren izan zen David Naredo (22.35), Oier Kañamares (24.22), Xabier Zaldua (25.09), Xuban Kañamares (26.24) eta Aritz Irazabal (28.02).