Gaur egun, Nafarroan euskaltzaleok ez dugun gehiengo soziala eraikitzeko narratiba osagarriak eta jokaera eraginkorrak eskaintzea da gure helburua.
Gure proposamena da euskararen inguruko elkarrizketak, eztabaidak... beste jokaleku batera mugitzea, hain zuzen ere bestelako baloreetan, partekatuagoak diren horietan gaia kokatzeko. Honatx ideia batzuk:
Aniztasunaren aldeko posizionamendua, biodibertsitatearen defentsatik haratago doan zerbait da, horren baitan aniztasun kulturalaren defentsa era bada. Hizkuntzak barne, jakina. Euskara bertako hizkuntza da. Hortaz, aniztasuna balioan jartzen dugun pertsona eta erakunde guztiek, koherentzian jokatuz gero, euskara egoera osasuntsuan egotea helburu izan behar genuke.
Espezieek, landareek eta pertsonek bezala, hizkuntzek euren biziraupena ziurtatzeko habitat egokia eta nahikoa bermatuta eduki behar dute: legez eta baliabidez. Aniztasunaren izenean, babesa, sustapena eta prestigioa eman behar zaio euskarari.
Izan ere, euskara Nafarroako aniztasun eta aberastasun kulturalaren isla da. Arlo kulturalean munduko aniztasunari Nafarroak egiten dion ekarpen gorena. Irati oihana eta Bardeetako basamortuarekin batera, bide batez esanda.
Ez hori bakarrik, Euskararen sustapenak bertako ekonomia garatzen laguntzen du. Lanpostuak sortzen ditu, sustapenari, kulturari loturikoak; enpresak sortzen ditu, antolatzeko modu berritzaileak eskaintzen ditu, eta horrek guztiak aberastasuna ekartzen dio Nafarroari. Beraz, jasangarritasunaren aldeko hautua ere bada euskararen aldekoa.
Berdintasunaren aldeko posizionamenduan, pertsonen artekoa ez ezik, hizkuntzen artekoa ere kontuan hartu behar da. Egoera zaurgarrian dagoen pertsona eta kolektiboekin ekitatez jokatzea justizia egitea da. Hizkuntzen gaian ere berdin jokatzea zentzuzkoa da. Bertako bi hizkuntzetatik bat dago egoera zaurgarrian, euskara. Egin dezagun haren alde, hasteko biak estatus berean jarriz, hori baita egokiena berdintasun ikuspegitik.
Demokrazian errespetatu eta sustatu egin behar dira hizkuntza eta kultura gutxiagotuak, herrikide guztion duintasunaren aitortza baitira. Autoritarismoari eta uniformizazioari ateak ixteko bide bat.
Jakina, gatazkak egon badaude eta euskararen biziberritze prozesuan ere bai, naturala da. Horren kudeaketa era demokratikoan planteatzea da bidezkoa: elkarren ondoan eta elkarrekin bizi eta biziko gara, beraz, hasi gaitezen posizioak hurbiltzen.
Jendartean gertatzen diren egoerak dinamikoak dira. Beraz, errealitate soziolinguistikoa, ezin da planteatu egoera aldaezin gisa. Egungo egoera, euskararen mesederako alda liteke, neurri sustatzaileagoak hartuz.
Ametsetan jarrita, pentsa dezagun, etorkizunean nafar herritar orok bertako bi hizkuntzak ulertzea zer izanen litzatekeen. Aitortza eta errespetuzko ariketa eraikitzaile erraldoia, bizikidetzaren adierazle.
Hortaz, kontsentsuak lantzea garrantzitsua da. Alta, akordioak euskararen indarberritze bidean eraiki beharko dira. Bizikidetza, izan ere, kultura eta hizkuntzen aitortzatik etorriko baita, ez ukaziotik.