Ezti ekologikoari eskainia izanen da urriaren 5eko Iruñeko Ekomerkatua

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 4a, 12:00

Bi erlezain ekologikok parte hartuko dute Iruñeko Ekomerkatuan.

Urriaren 5eko Iruñeko EKOmerkatuak ezti ekologikoari eskainiko dio eguna.  Hilabetero parte hartzen duten ezti ekoizleek, Erlan eta Erlandere, protagonista izanen dira goizean. Gainera, Zatoz eta dastatu espazioan eztia dastatzeko aukera egongo da. 10:00etatik 14:00etara izango da, Iruñeko Antzinako Autobus Geltokiko nasetan.

Urriko EKOmerkatuak Nafarroako 15 ekoizle ekologiko bilduko ditu eta erlezaintza ekologikoari balioa eman nahi dio. EKOmerkatuaren proiektuaren hasieratik, bi erlezain ekologikok parte hartzen dute: Erlan eta Erlandere.

Produktu izarraz gain, EKOmerkatuan Nafarroako hainbat eremutako elikagai ekologiko ugari erosi ahal izanen dira: Sakanako, Lizarraldeko eta Baztango gaztak, Lizarraldeko garagardoak eta olioa, Munarrizko patatak eta lekaleak eta Erriberako sasoiko barazkiak, Irunberriko ardoa, Goizuetako hestebeteak, Artzibar Ibarreko ogia eta pastak eta Oskozeko sagar-zukua.

Diverxa ipuin kontalaria

Gainera, urriaren 5erako, larunbata,  A la huerta de la esquina izeneko ipuin-kontaketa antolatu da, hurbiltasuneko merkataritzaren eta elikadura ekologikoaren garrantziaz hitz egiteko. Ipuin kontalaria 12:00etan izango da Iruñeko Autobus Geltoki Zaharrean eta izena emateko 645 45 31 36 telefonoan edo cpaen@cpaen.org helbide elektronikoan eman behar da izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun