Eider Arbaizagoitia

«Naturarekiko errespetua da KOT taldearen oinarria»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 5a, 10:00

KOT taldea Laudion (Araba) lan egiten duen jantzi marka da, Grafik diseinu grafikoko kooperatibaren barnean dagoena. Lantaldean 20 urte baino gehiagoz aritu den Eider Arbaizagoitiak azaldu duenez, «1996an sortu zen marka, kirol arropa eta jantzi informalak uztartu nahian, gure lurraren ikurrak kalitatezko produktuekin lotzeko helburuarekin». Kotoia erabiltzea erabaki zuten, «eta hortik sortu zen markaren izena».

Diseinuak «Euskal Herriko txoko, animalia eta naturan» oinarritzen dira. «Esan dezakegu naturarekiko errespetua eta Euskal Herria maitatzea direla bi ardatz nagusiak, beti kalitatezko diseinuak sortu nahian».

Markaren produktu ezagunenak mutil, neska eta haurrentzako kamisetak eta kirol jertseak dira, «baina azken urteotan jakak, zirak, prakak, txanoak, poltsak eta gehiago egin ditugu. Urtero bi bilduma egiten ditugu eta saiatzen gara bilduma borobilagoak erakitzen». KOTen lehenbiziko bilduma «Euskal Herriko zuhaitzen hostoetan» oinarritu zen, «eta bigarrena tokiko faunan». 1999an hasi ziren mendien irudiak erabiltzen, «eta gaur egun markaren identifikazio ikur bihurtu dira».

Jasangarritasuna helburu

Diseinuari ez ezik, materialari ere garrantzia ematen diote; «naturarekiko errespetua gure nortasunaren oinarria da, guk eta gure ondorengoek inguratzen gaituenaz disfrutatzea nahi dugulako. Egunero ikasten eta hobetzen saiatzen gara». Hori dela eta, kotoi organikoa da jantzien oinarria, eta material berriak erabiltzen hasi dira, adibidez, tencela (zelulosa oinarri duen ehuna) eta birziklatutako poliesterra.

Azaldu duenez, «Euskal Herria gero eta kontzientziatuagoa dago jasangarritasunarekin, horregatik izan dute harrera ona gure jantziek». Izan ere, «gu ez gaude batere ados moda azkarrarekin. Arropa azkar eta kopuru handian ekoiztea industria kutsakorrenetakoa da, eta horrekin batera langileen baldintza txarrak ikusten baditugu, guztiok planteatu beharko genuke bertze modu batean kontsumitzea».

Gaur egun 30 salmenta puntu ditu markak Euskal Herrian zehar, baita Piriniotan ere. Gainera, «urte batzuk ditugu online dendarekin, kot.eus, eta hor azken bilduma ikusi eta eros daiteke». Sare sozialak ere erabiltzen dituzte; «Instagram eta Facebook. Garai hauetan, ezinbesteko erakusleihoak dira».

Internetetik kanpo, «publizitatea era tradizionalean erabiltzen dugu inguruko prentsan, eta kirol taldeen babesle bezala aritzen gara. Euskal kulturatik ere oso gertu sentitzen gara eta horren alde egiteko prest gaude beti, Loraldia bezalako proiektuekin elkarlanean, adibidez».

KOT Taldeko emakumeek martxoaren 8an egindako argazkia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun