Aske. Hitz laburra da, baina esanahi handikoa. Hainbat emakumeren, beldurrak, desirak eta grinak biltzeko gai dena. Ez da kasualitatea, Malerrekan sortu berri duten emakume taldeari izen hori jarri izana. Genero indarkeria jasan duten emakumeentzat gune seguru bat eraiki dute: «elkarrekin korapiloak askatzen joateko». Eta argitu dute Malerrekan sortu bada ere, egoera berean dauden eskualdeko emakume guztiei egin nahi dietela bertan parte hartzeko deia: «bakarrik deus gutxi egin dezakegulako, baina elkarrekin aunitz».
Beharretik sortua
Genero indarkeriaren biktima izan eta, egoera latz horretan, espazio seguru eta goxo batean ezagutu zuten elkar: «bakoitza bizitzako momentu desberdin batean geunden; batzuk, geure burua nonbait kokatu nahian». Bizi zutena taldean partekatzeak mesede egin zien: «elkarrekin bizipen eta esperientziak partekatu genituen, besteei entzun eta, epairik gabe, entzun eta ulertzen gintuztela sentitu genuen. Erraza behar luke ezta? Zoritxarrez, ez da hala. Aunitzetan jaso izandako heziketaren edo gizartean ditugun rolen ondorioz, kosta egiten zaigu zenbait gairi buruz solas egitea».
Hasierako espazio horrek, ordea, ez zuen segidarik eta elkarrekin sortu zuten horri, «nolabaiteko egonkortasuna eta segida emateko» elkartea sortzea erabaki zuten: «pausoa ematea erabaki genuen. Gure behar guztiak biltzea beharrezkoa zen, zama arintzen joateko eta ikusi genuen, elkarte hau sortzea zela sarea osatzen joateko modu bakarra. Gainera, gure antzeko egoera bizi dutenei edo bizi izan dutenei laguntzeko bidea zela ikusi genuen». Edozein emakumeri eskaini nahi diote espazio hauetara sarbidea izatea: «gu bezala, bere bizitzako uneren batean bakarrik sentitu direnei, talde baten berotasuna emateko». Bakardadeak ertz asko dituelako: «genero indarkeria bizi dugun emakumeok bakardadea sentitzen dugu, jendez inguratuta egon arren. Milaka aurpegi ditu bakardade horrek: gutxietsiak izatea, errudun sentitzea, baztertzea…».
«Emakumeei espazio seguru bat eskaini nahi diegu
Aske
Taldeari izena jartzerako orduan izenak eta izanak bat egitea nahi zuten: «aske hitza aukeratu genuen, gure beldurretatik, kalte egiten diguten lotura emozionaletatik… aske izatea delako gure nahia. Gure zauriak erakutsi ahal izatea, epairik edo irainik jasan gabe». Beraiek aske izan nahi dute, baina baita beraien ondorengoak hala izatea ere: «gure seme-alabek inolako indarkeriarik gabe bizi ahal izatea nahi dugulako». Gizartean aldatu behar dena ikusarazi eta aldaketa bultzatzea ere bada beraien asmoa: «gaur gaurkoz, alde nabarmenak daude emakume eta gizonezkoen artean. Emakumeei gure lekua zein den irakatsi digute eta landa ingurune batean egonik, desberdintasun horiek are nabarmenagoak dira. Herri handi edo txiki batean bizi direnen egoera ere ez da berdina eta gainera, sakabanatutako baserri batean bizi bagara… gidabaimenik ez baduzu, edo autorik ez, bakardade sentimendu hori geroz eta handiagoa da».
«Sentsibilizazio eta hezkuntza aldetik lantzeko aunitz dago»
Salatu dute hainbat esparrutan izaten dituztela oztopoak eta zailtasunak: «aurreiritziak, hezkuntza eta kultura, zerbitzu publikoak, erakundeak… Berdintasuna sustatu nahi dugu; emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinak identifikatzen eta murrizten lagundu nahi dugu, eta horien aurrean gaitzespen irmoa adierazi». Gertatzen dena ikusteko, ordea, ikusten ikasi behar da batzuetan. Horregatik uste dute funtsezkoa dela gure herrietan dauden eta gertatzen diren genero indarkeria mota guztiak ikusaraztea eta horien inguruan kontzientziatzea: «ezin dugu beste alde batera begiratu, ezin dugu konplize izan. Horretarako, sentsibilizazio eta hezkuntza aldetik, lantzeko aunitz dago».
Gabeziak agerian
Zerbitzu aldetik ere, gabezia handiak daude: «hasteko, Bortzirietako eta Baztango berdintasun teknikarien lana nabarmendu nahi dugu eta, Malerrekan berdintasun teknikari baten beharra dagoela agerian utzi». Gainera, azaldu dute eskualdean ez dagoela genero indarkeria pairatzen duten emakumeei eta euren seme-alabei arreta integrala emateko zentrorik, ezta harrera etxerik ere: «zerbitzu horiek guztiak Iruñean daude». Horrek dakarren guztiarekin: «antsietatea, estresa, bidaia luzeak egin beharra, gastu ekonomikoa… gainera, ordutegi jakin batean joan behar izaten dugu eta lantokian azalpenak ematen ibili nahi ez badugu, opor egunak galdu behar ditugu».
«Genero indarkeria guztiak ikusarazi behar dira»
Egoerak emakumeei soilik ez, euren seme-alabei ere eragiten diela ikusi dute: «haurrek, normalean, zailtasunak izaten badituzte sentitzen dituzten emozioei izena jartzeko, egoera horietan, etxean zer gertatzen ari den ulertzea oso zaila izaten da. Laguntza psikologikoa behar izaten dute eta isildutako haurtzaroak, inposatutako lege eta bidegabekeriekin batera, problematika larriagotzen du».
Gainera, hizkuntza bera ere oztopo izaten da hainbatetan, «euskaraz ez dute zerbitzurik eskaintzen». Halako egoera bortitzetan laguntzeko profesionalak prestatzea oinarrizkoa da «eta aunitzetan ikusi dugu, hor ere badela zer hobetua, artatzen gaituzten profesionalek ez dute prestakuntza egokirik genero indarkerian».
Egoera kezkagarria
Gizartean, emakumeen egoera kezkagarria da beraien ustez: «salaketen datu ofizialetara jo bertzerik ez dago, asko dira oraindik halako egoerak sufritu behar izaten dituztenak. Eta egoera, are beltzagoa da, badakigulako hainbat eraso ez direla salatzen». Ez da urrutira joan beharrik: «gure herrietan ospatzen diren jaietan hainbat eraso izaten dira, batzuk salatu egiten dira, gutxiengoa, eta bertze aunitz ez, errudun sentitzen direlako, lotsagatik edota errepresalien beldurragatik».
Indarkeria instituzionala ere gertatzen dela salatu dute: «emakumearen sinesgarritasuna zalantzan jartzen denean, emakumeak biktima profila ez duela betetzen esaten dutenean, ohiko indarkeria puntualtzat hartzen denean, tratu txarrei harreman gatazkatsua deitzen zaienean, epaiketan emakumea eta erasotzailea bereizten ez direnean, justiziak gertaeren bertsioa zalantzan jartzen duenean, erakundeek genero ikuspegirik ez dutenean edo emakumea gehiago biktimizatzen dutenean».
«Sarea sortzea eta elkarlana bultzatzea da asmoa»
Talde irekia
Honi guztiari aurre egiteko, taldearen babesa izatea ezinbertzekoa iruditzen zaie. Horregatik, talde irekia da: «edozein motako indarkeria jasaten dutenek dute tokia hemen, baina baita gisa honetako egoerekin enpatia izan dezaketenek ere». Beraiekin harremanetan jarri nahi dutenek askebmb@gmail.com helbidera edo 624 756 450ra deitu dezakete. Malerreka, Baztan eta Bortzirietako emakume guztiei luzatu nahi diete gonbidapena, «sarea sortzea eta elkarlana bultzatzea da asmoa, eskualde mailan lan egin nahi dugu eta harremanak eraiki nahi ditugu Euskal Herri edo Espainia mailan lanean ari diren beste elkarteekin». Argi dute: «bakarrik deus gutxi egin dezakegu, baina elkarrekin aunitz».
Hainbat ekimen prest
Irailean zabaldu zen jendartean Aske Emakume Taldearen izena. Doneztebeko Udalak eta Mariezcurrena eraikuntza enpresak antolatutako pilota jaialdian lortutako diruaren erdia elkarteari emanen zitzaiola adierazi zutenean: «eskerrak eman nahi dizkiegu udalari eta Javier Mariecurrenari eman diguten babesagatik. Sortu berriak gara eta guretzat bultzada handia izan da».
Pausoz pauso segi nahi dute lanean eta gizartean eragitea ere badenez beraien asmoa, urriaren 25erako solasaldi bat antolatu dute. Doneztebeko herrigunean izanen da 18:00etan eta Yolanda Rodriguez Villegas COMFIN elkartearen buru, historiatzaile feminista eta genero indarkerian aditua izanen da hizlaria. Gaztelaniaz ariko da eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna nola betikotzen den azalduko du.
Azaroaren 25aren bueltan ere zineforuma egitekoa dute azaroaren 29an. Doneztebeko herrigunean elkartuko dira 19:00etan eta La violencia invisible film laburra ikusi ondotik, solasaldia eginen dute. Sara Vicente, abokatua eta Ehuleak elkarteko kidearen laguntza izanen dute sor daitezkeen galderei erantzuteko.
Bertze hainbat ideia ere badituzte burutan: «pausoz pauso joanen gara, presarik gabe, baina etenik gabe». Argi diote: «Lan handia dugu aurretik berdintasun arloan egiteko: ez soilik hitzez, baita ekintzen bidez ere. Genero indarkeria, behingoagatik, desagerrarazi eta gizarte gisa hazi ahal izateko».