Urriaren 25ean eta 26an eginen da udazkeneko feria Elizondon, eta urtero bezala, Saharaztan elkarteak Tonbola solidarioa paratuko du, heldu den udako Oporrak Bakean programarako dirua lortzeko. Hori dela eta, Xareta, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako komertzio, lantegi, sortzaile, elkarte eta bertzelako eragileengana jo dute, «elkartasun keinu ttikiekin gure helburua lortzen laguntzeko».
Azaldu dutenez, ez dute dirurik onartuko baina erosketa edo deskontu bonuak bai, baita opariak ere, hala nola, jatekoak, arropa, jostailuak eta liburuak. Lagundu nahi duenak elkarteko kideekin jar daiteke harremanetan saharaztan@hotmail.com helbidearen bitartez edo Facebook eta Instagramez. Antolaketa lanak errazteko, urriak 11 baino lehen harremanetan jartzea eskertuko du elkarteak.
Tonbolaz gain, elkarteak sortutako materiala ere izanen da salgai Saharaztanen postuan: kamisetak, metxeroak, boligrafoak eta mandatuak egiteko poltsak.