Euskal Herriko lehen mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko dute urriaren 5ean, larunbatean 18:00etan Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Hamaika aizkolari ariko dira lehian, urriaren 27an, hileko azken igande eguerdian Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den finalerako sei txartelen bila. Zigako Joxean Etxeberria izanen da eskualdeko aizkolari bakarra.
Zigakoarekin batera, gaur egungo txapelduna den Iker Vicente, Hodei Ezpeleta, Oier Kañamares, Julen Gabirondo, Xuban Kañamares, David Naredo, Xabier Zaldua, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Aritz Irazabal ariko dira lehian. Aizkolari bakoitzak sei enbor moztu beharko ditu, 54 ontzako bi, 60 ontzako bi eta 72 ontzako bi, finaleko lanaren erdia, hain zuzen. Urriaren 27an Gasteizen jokatuko da finala.