Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak Fluxu aurkeztu du, Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen programa berria, herritarrei sorkuntza artistiko garaikidea ulertzeko eta gozatzeko gakoak emateko helburuarekin sortu dena, Iruñean eta bere ingurune hurbilenean programatu ohi diren proposamenak Nafarroa osora eramanez. Eskualdeari dagokionez, Berara eta Elizondora ailegatuko da
Gonzalo Nicuesaren erakusketa Beran azaroaren 13tik abenduaren 7ra
Berako Beralandetan, azaroaren 12tik abenduaren 7ra, Artelan batekin solasean programaren baitan Gonzalo Nicuesak (Iruñea, 1976) Torso Belvedere aurkeztuko du, Vaticanoko bilduman dagoen izen bereko eskulturaren gaineko fotograbatuaren triptiko bat. Pieza honek jorratzen du pertsona batzuek zeharo ederra den artelan baten aitzinean sentitzen duten emozio sakona, ‘Stendhalen sindromea’ deritzona. Obra klasiko honen irudia erreproduzitzean, artistak bereganatu egiten du eta, halaber, ikusleekin partekatzen du.
Modu berean, Gonzalo Nicuesa Pop bertsioak lantegiko irakaslea izanen da azaroaren 15ean (ortziralea), 17:30etik 19:00etara. Collage teknikaren inguruko jolasa proposatuko du, eskultura klasiko, pop abestien titulu eta kolorezko paperetatik abiatuta. Doako lantegia izanen da, adin guztietako jendearentzat.
Alvaro Gil Soldevillaren ‘Hondar-konstelazioetan’ erakusketa hedatua Elizondon urtarrilaren 16tik otsailaren 13ra
Alvaro Gil Soldevillaren Hondar-konstelazioetan erakusketa hedatua ikusgai izanen dute 2025eko urtarrilaren 16tik otsailaren 13ra Elizondoko Merkatuko Plazan. Alvaro Gil Soldevillak (Corella, 1986) herriaren inguruan landare-hondakinak biltzea proposatzen du Hondar-konstelazioetan erakusketan. Hondakin horietan ohol txiki batzuk sortuko ditu bi dimentsioko konposizioa osatzeko. Proiektu honek parte-hartzea eta ekologia biltzen ditu eta aurkezpena urtarrilaren 17an izanen da, ortziralea 18:00etan, artista bertan dagoela. Obra Elizondoko Merkatuko Plazan egonen da erakusgai.