Nafarroako erremonte txapelketako hemeretzigarren edizioko finala jokatuko duen bigarren bikotea igande eguerdian Ribaforadan jokatu den bigarren finalerdiko itzulerako partidan erabaki da. Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabalak ez zuten sorpresarako zirrikiturik utzi eta joanekoan bezala (orduan 35-17 irabazi zuten), berriz ere erraz irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Otanori, oraingoan 35- 22. Eloy Otxandorena eta Ion dituzte esperoan urriaren 5ean Zubirin jokatuko den finalean.
Xanti Uterga jaun eta jabe izan zen Ribaforadako partidan, 22 tanto egin baitzituen.Hasieran aldetxoa hartu zuten gorriek (5-2, 9-5), baina hamaikana berdindu zuten urdinek. Baina 15-14koaren ondotik, berriz ere Uterga agintzen hasi zen eta 19-15era joan ziren gorriak. Ordurako finalean izanen zirela jakin arren, direkta sartu zuten gorriek, 35-22ko azken emaitza lortu arte.
Ribaforadako jaialdia hasteko partida berdinduagoa ikusi zuten, eta Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrek tanto bakarragatik, 30-29 irabazi zieten Matxin III.ari eta Markel Leatxe donamariarrari.