Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek egina dute grebarako deia, Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek. Euren hitzetan, «administrazioari sektore publikorako hobekuntzak denbora luzez aldarrikatu ondotik, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez diete kasurik egin» euren eskaerei. «Ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan gainkarga murriztea eta plantilla egonkortzea» da eskatzen dutena.
Biharko egunari begira, hainbat elkarretaratze antolatu dituzte goizean, eta horietako bat Elizondoko plazan izanen da, 11:00etan. Horrez gain, Altsasun, Iruñean, Lizarran, Tafallan eta Tuteran ere elkarretaratzeak eginen dituzte goizean. 18:00etan, berriz, «eskola komunitate osoaren manifestazioa» eginen dute Iruñean, Gurutzeko plazatik San Frantzisko plazara. Sindikatuek irakasleei grebarekin bat egiteko deia egin diete eta horrekin batera, «gizarte osoa gonbidatu nahi dugu gurekin karrikan mobilizatzera».