Bardoetako saioak izanen dituzte ortziralean Leitzan eta larunbatean Erratzun

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 25a, 11:00

Elkarte giroan izanen dira saio denak. Irudian, Sunbillako Ulibeltzak Elkartean irailaren 13an egindakoa.

Bertsoa bazter guztietara zabaltzen ari dira Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketaren bidez. Bi asteburutan jokatu dituzte saioak, eta aste honetan jokatuko dituzte lehen faseko azkenak. Saio horietako, bi, gainera, eskualdean izanen dira: ortziralean Leitzan eta larunbatean Erratzun.

Ortziralean, hilaren 27an, Leitzako Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga parte hartzaile diren Manteleko Sobrak eta Drimtin taldea ariko dira nor baino nor Leitzako Gaztetxean. Saioa 20:00etan izanen dira.

Eskualdeko azken saioa, aldiz, Erratzun izanen da, biharamunean, larunbatean, hilaren 28an. Eskualdeko bi talde ariko dira: Baztango Baztanzopak eta Bortzirietako Hor Gu!. Saioa 19:00etan izanen da Erratzuko Elkartean.

Aste honetako bertze saioak

Eskualdean eginen dituzten saioez gain, asteburuan egingo dituzten bertze saioetan ere ariko dira eskualdeko taldeak. Gaur, asteazkena,  Baztango eta Bortzirietako bertsolariek osatutako Mutilatuak taldea Iruñeko Laban ariko da 19:00etan EzKrashak taldearen kontra.

Ortziralean, hilaren 23an, Atarrabian ariko dira Malerrekako Malerreka ez da Baztan taldeko kideak Argako Bixiguak taldearen kontra. Saioan 19:30ean izanen da Azkena Elkartean.

Egun berean, Erronkarin Baztango Baztanzopak taldearen txanda izanen da. Errimaren Matxinatuak taldearen kontra arituko dira 19:00etan Erronkariko Errotan. Biharamunean ere kantatuko da Baztanzopak taldeak Erratzun.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun