Nafarroaren zonifikazioa alde batera uzteko eskatu dio Europako Kontseiluak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 25a, 10:00

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Nafarroako Gobernuari emandako gomendio garrantzitsuenen artean dago «Nafarroaren zonifikazioak euskararen erabilerarekiko sortzen dituen oztopoak ezabatzea». Izan ere, Nafarroako Euskararen Legeak (18/1986) eta horretan oinarritutako araudi guztiek «Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak eta berdintasuna nabarmenki kaltetzen dituztela» ohartarazten du Europako Kontseiluak, «baita euskara ofiziala den eremuko biztanleenak ere».

Atzo, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eurogutunaren 6. Ebaluazioarekiko gomendioak argitaratu zituen, Espainiako Gobernuak bidalitako txostena eta hizkuntza bakoitzeko gizarte eragileek egindako irakurketa eta gomendioak aintzat hartuz eta kontrastatuz.

Lehendik bete gabeko konpromisoak eta lege babes falta

2023ko irailean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako eta EAEko egoeraren zein Turtzioz eta Trebiñuren egoerarekiko irakurketa-txosten propioa helarazi zioten Europako Adituen Batzordeari, bai Espainiako Gobernuak aipatu zituenekiko irakurketa eginez zein gomendioak azalduz.

Era berean, hainbat bilera egin zituzten Europako adituekin, helarazitako txostenean adierazitakoak zein Euskal Herrian hizkuntza eskubideek zuten egoera hobeki azaltzeko.

Bi eragileek lege babes falta, aitzinetik bete gabeko konpromisoak eta neurri zehatzak bultzatzeko beharra salatu zituzten, bai Espainiako Estatuko administrazioak, zein EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioei dagokienean.

 

Europako Kontseiluak emandako gomendio garrantzitsuenen artean daude:

  • EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan prozedura judizialak, aldeetako batek hala eskatuz gero, euskaraz egin ahal daitezen bermatzeko araudia ezartzea. Baita bestelako neurriak hartzea, adibidez, dokumentazioa ere euskaraz jaso ahal izatea.
  • Estatuko administrazioek Autonomia Erkidegoetan eskaintzen dituzten zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko neurriak hartzea.
  • EAEn zein Nafarroako Foru Erkidegoan neurriak hartzea, batik bat osasun eta gizarte zerbitzuetan euskararen erabilera errazteko.
  • Garrantzia berezia ematen zaie Nafarroarako egiten diren gomendioei. Izan ere, Euskararen Legea eta horretan oinarritutako araudi guztiek Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak eta berdintasuna nabarmenki kaltetzen dituztela ohartarazten du Europako Kontseiluak, baita euskara ofiziala den eremuko biztanleenak ere.
  • Nafarroako Foru Erkidegoan zonifikazioak euskararen erabilerarekiko sortzen dituen oztopoak ezabatzea.
 

Bestelako gomendio eta hausnarketak ere egin ditu Europako Kontseiluak:

  • Administrazio publikoetan euskararen ezagutza duten profesional kopurua oraindik urria dela aitortzea eta neurriak hartzea, baita zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresekiko ere. Nafarroako zein Estatuko administrazioen kasuak bereziki nabarmentzen ditu txostenak.
  • Estatuko Boletin Ofiziala euskaraz ere izatea.
  • ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izatea.

Gainera, aurten lehen aldiz, Europatik informazioa eskatu diote Espainiako Estatuari Kontseiluak eta Behatokiak beraien txostenean berariaz aipatu zituzten Trebiñu bezalako eremuetan. Gainera, Trebiñuren kasuan, Gaztela eta Leongo administrazioekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzea gomendatu dio Espainiako Gobernuari.

Ohartarazpen irmoak administrazio ezberdinei

Azkenik, Kontseilua eta Behatokia pozik agertu dira Europatik egin diren ohartarazpen eta gomendiok irmoak direla ikusita. Baina gomendio horiek bete eta aplikatzeko neurriak egunerokoan praktikan jarri behar dituzte administrazio ezberdinek: euskararen ofizialtasuna lurralde osoan aldarrikatzea, hizkuntza eskubideak bermatzeko araudiak garatzea, zein administrazio guztietan behingoz euskararen normalizazio eta berdintasuna ezartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun