Ez zen ezustekorik izan Irunberrin eta Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek lortu dute Nafarroako erremonte txapelketaren hemeretzigarren edizioko finalerako lehen txartela, Xuban Iturregi iruritarrari eta Aimar Saldias oiztarrari ere irabazita (35-33).
Hamasei tantoko aldea lortua zuten joaneko partidan Otxandorenak eta Ionek eta ongi bideratua zuten kanporaketa. Halere, Irunberriko partida hagitzez berdinduagoa izan zen. Hasiera orekatuaren ondotik, urdinek zazpi tantoko aldea hartu zuten (10-17). Gibelean Saldias nagusi zen eta Iturregik ongi akitzen zituen tantoak. Baina gorriek ez zuten sorpresarako zirrikiturik utzi. Hamazazpina berdindu eta berriz ere partida orekatua joan zen. Gorrien alderik handiena bortz tantokoa izan zen (30-35). Azkenean, bi tantoko aldea atera zuten Otxandorenak eta Ionek (35-33) eta urriaren 5ean Zubirin jokatuko den finalerako lehen txartela lortu zuten.
Jaialdia hasteko partidan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Otanok 30-21 irabazi zieten Matxin III.ari eta Barricarti.
Bigarren bikote finalista Ribaforadan erabakiko da irailaren 29an
Irailaren 29an jokatuko dute Nafarroako erremonte txapelketako bigarren finalerdikoaren itzulerakoa Ribaforadan. Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Otanoren kontra jokatuko dute. Joanekoan 18 tantoko aldea atera zuten Utergak eta Agirrezabalak eta buelta latza eman beharko lukete Sagasetak eta Otanok finalerako sailkatzeko.