[GUTUNA]: PSOE Frantziaren kontra

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 21a, 11:00

N-121-a errepideko seinaleetan erdarazko Francia bakarrik ageri dela salatu du Administrazioan Euskaraz Taldeko Fermin Zabaltza Alemanek idatzi honetan. Honela leporatu dio PSOEri: «Euskararen kontra errotulatu, norbait kexatzen bada aitzakiak eman, luzamenduetan ibili, eta bitartean euskararen kontra errotulatzen segitu, eta gero esan garestia dela seinaleak aldatzea».

2009. urtean, Nafarroako Gobernuan UPN zegoela, errepideetako seinaleetan Francia soilik jartzen zuten, hots, gaztelania hutsean. Herritar batek kexa jarri, eta Arartekoak gobernuari gomendatu zion elebitan jartzeko, hau da, Frantzia/Francia (09/589/C espedientea). Eta Nafarroako Gobernuak bete egin zuen, handik aurrera.

Ordea, duela hiru urte, 2021. urtean, Nafarroako Gobernua N-121-A errepidea berritzen hasi zen Ezkaba-Olabe tartean, eta berriz ere Francia bakarrik jarri zuen seinaleetan, Frantzia gabe.

Herritar batek berriz kexa jarri, eta Arartekoak berriz ere gomendatu zion Nafarroako Gobernuari elebitan jartzeko (Q21/935 espedientea). Baina oraingoan, UPNrekin ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu. PSOEren eskuetan dagoen Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak erantzun zion ez zegoela legez behartua errotuluak elebitan jartzera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiarengatik. Egia da: 2017an, PSOEko Juan José Lizarbek errekurtsoa jarri zuen Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, UGT sindikatua ordezkatuz, eta epaileek artikulu batzuk baliogabetu zituzten, besteak beste, elebitan egindako errotulazioari buruzkoak. Arartekoak gomendatu zion elebitan jartzeko, legez behartuta egon gabe ere («eremu mistoan»), baina Nafarroako Gobernuak ezetz esan zuen.

2023an Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidea berritu zuen Soraurenetik Sunbillarako tartean: Hamarnaka seinaleetatik (gehienetatik) kendu zuen Frantzia, eta erdarazko Francia bakarrik utzi. Berriz ere kexa jarri zuen herritar batek, eta Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak (Óscar Txibite kontseilariaren esku) era guztietako argudioak eman zituen euskarazko forma ez erabiltzeko. Baina Arartekoak ez zituen onartu, eta gomendatu zion elebitan jartzeko (Q24/55 espedientea): Alde batetik, esan zuen «eremu euskaldunean» seinaleak legez elebitan jarri behar zirela, 2017ko epaia gorabehera. Beste aldetik, esan zuen eremu mistoan ez zegoela errotuluak «gaztelaniaz eta euskaraz jartzea eragozten duen ezer. Irizpide inklusibo hau (...) errespetu, babes eta sustapen printzipioekin lerrokatuta egoteaz gain, aplikatzeko erraza da, behar bezala aurreikusiz gero ez du baliabide gehigarririk eskatzen».

Azkenik, 2024an, Lurraldearen Kohesiorako kontseilari Óscar Txibitek esan zuen gomendioa onartuko zuela... baina etorkizunean! «Trafiko seinaleek kostu handia dutenez, (...) trafiko seinalea edo kartela soilik aldatuko da hondatzen denean, betiere bandalismoagatik hondatu ez bada».

Zenbat iraun dezake trafiko seinale batek? 20, 30 urte? Hauxe da Nafarroako Gobernuaren estrategia: euskararen kontra errotulatu, norbait kexatzen bada aitzakiak eman, luzamenduetan ibili, eta bitartean euskararen kontra errotulatzen segitu, eta gero esan garestia dela seinaleak aldatzea.

Bestalde, esan behar da seinale askotan badela lekua Frantzia jartzeko. Ikusten denez, zalantza izan zuten, elebitan edo erdara hutsean jarri, eta erabaki zuten erdara hutsean idaztea (gehien-gehienetan).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun