Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du UEMAk

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 20a, 14:00

Iaz publikoaren saria lortu zuten Doneztebeko Mendaur institutuko ikasleek.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hirugarrenez antolatu du Arnasetik Bideosormen lehiaketa. Helburua euskararen arnasgune izendatutako herrietako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak kontatzea eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea da. 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte arteko ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago eta ikasleek modu partikularrean, taldeka edo ikastetxearekin hartzen ahal dute parte.

Hiru kategoria

Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzak aurkeztu beharreko lanak hauek dira. Bideo bakoitzak gehienez ere bi minutuko iraupena izanen du.

  • A kategoria, 5. eta 6. mailako ikasleak: Seguru gaude zuen herrian mila txoko berezi eta kuttun daudela. Aukeratu bat edo batzuk eta kontatu zerk egiten dituen berezi, norekin eta noiz joaten zareten… Egin beharrekoaren adibide gisa bideo hau prestatu dute.
  • B kategoria, DBH 1eko eta 2ko ikasleak: Urte guztia noiz iritsiko zain egoten zareten egun handi hori zein da? herriko jaia, inauteriak, azoka bereziaren eguna…
    Erakutsi zerk egiten duen berezi, nola prestatzen zareten… Adibide gisa bideo hau ondu dute.
  • C kategoria, DBH 3ko eta 4ko ikasleak: Beste norbaiten larruan jartzeko aukera izango bazenute, zuen herriko nor izan nahiko zenukete eta zergatik? Galdera honi erantzunez osatu bosteko katea. Hau da adibide gisa prestaturiko bideoa.

Lanak bidaltzeko epea irekia dago jada, eta urriaren 31ra arte egonen da irekia. Sari banaketa, ekitaldia, aldiz, azaroaren 28an eginen dute.

Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izanen du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira denetara 2.000 euro banatuko dituzte. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokan  edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean eta Gure Zirkuan trukatu ahal izanen da.

Lehiaketaren oinarriak eta parte hartzeko bideak hemen irakurtzen ahal dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun