ERREMONTEA

Nafarroako erremonte txapelketako lehen finalista Irunberrin erabakiko da larunbatean

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 20a, 13:00

Saldias oiztarra gibelean eta Otxandorena doneztebarra aitzinean nagusitzen saiatuko dira.

Joanekoan hamasei tantoko aldea atera zuten Otxandorena eta Ion, Iturregi eta Saldiasen kontra ariko dira

Nafarroako hemeretzigarren erremonte txapelketako finalerdietako itzulerako lehen partida jokatuko dute irailaren 21ean, larunbatean 18:00etan Irunberriko frontoian hasiko den jaialdian. Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion, Xuban Iturregi iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira. Joan den igandean Zangozan 35-19 irabazi zuten Otxandorenak eta Ionek, beraz, 20 tanto egitearekin aski izanen dute urriaren 5ean Zubirin jokatuko den finalerako sailkatzeko.

Jaialdiko lehenengo partidan, Matxin III.a eta Barricart, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Mikelarenak uda honetan debutatu du, baina goiti doan aurrelaria da. Matxin III.a beteranoa izanen du arerio aitzineko koadroetan.

Txapelketako jaialdi gehienetan bezala, ADANO elkartera bideratuko da sarreran bildutako dirua. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun