Sara eta Etxalar herrien berezitasuna den eta elkartzen gaituen jarduera ospatuz, Usategietako Tradizioaren besta eginen dugu igande honetan, irailaren 22an, bertze urte batez.
Tradizioa erraten dugu aspalditik egiten delako, baina baita gure herriko ohiturazko jarduera den heinean, kultura ere badelako. Ohartzen gara horrek izan dezakeen zentzu ezkorraz, adibidez, kaltegarria den eta ohituraz finkaturik den jarduera bat aldatzeko zailtasuna. Ez dugu, noski, halakorik indartuko hemen, hitzaren erranahirik aberatsena agertuko baitugu.
Izan ere, tradizioak ohiturazkoa erran nahi du, gizaldiz gizaldi egiten dena, «oroitezinezko denboretatik», antzinako araudietan erraten den moduan. Eta horrek iraunkortasuna agertzen du. Pello Apezetxeak Usategietari buruz zioena oroituz, hainbertze mendez ari eta segitzen badu, inguruarekin nolabaiteko errespetua baduela ageri dela erraten ahal dugu. Hala baieztatzen zuen Lizarietako lepoan usoen begirale zen Sergio Barandek ere: «Sare ehizak pasako usoaren gain duen eragina gutienekoa da, ez baitu haren populazio kopurua aldatu».
Iraunkortasunak inguruarekiko oreka zaintzea galdetzen du. Inguruarekin geroz eta axolagabeago den gizarte zabarkeriaren aitzinean, bertze eredu bat bizi dugu hemen.
Horrekin batean, inguruari egokitzeko gaitasuna ere nabarmentzen ahal dugu; tokian tokiko baliabideekin aritzea, naturaren eta aroaren gorabeherei moldatzea eta garai bakoitzeko erronkei buru egitea... Azken hori azpimarratuko genuke: gure garaiko bakoitz-beretasuna eta diruaren lehentasuna alde batera utziz, talde egitura duen eta irabazi asmorik gabea den lana ezkontzeko ahalmena.
Dirua jainko bihurtu dugunetik «jainko ttiki» sobera ugaldu zaigu, norbera bere buruarekin aski dela eta ingurua bakoitzaren mesederako baliatuz bizitzea posible delakoan. Hortik bidea labur, horrek ez du irauten ahal. Ingurua guretu beharrean, gu inguruari moldatzeak dakar biziaren segida, bide horretan irabaziko dugu bizia. Irautea irauztea (irabaztea) delako; xume bagara ere berma eta bizi Usazaleak!
Heldu den igandean Lizarietan elkartuko garelakoan, agur bero bat.