Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak Urdazubira eta Leitzara ailegatuko dira

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 17a, 20:00

Irailaren 27an Urdazubiko monasterioko museora doako bisita gidatua antolatu dute.

Irailaren 27an eta 28an, Urdazubiko monasterioko museora eta Alkerdi-Berroberria lezeetara bisitak antolatu dituzte eta urriaren 4an Leitzako txistularien antzinako errepertorioa ezagutzeko eta aditzeko aukera izanen da

Irailaren 27tik urriaren 6ra bitartean eginen diren Ondarearen Europako Jardunaldiak aurkeztu dituzte. Nafarroako Gobernuak koordinatu du jarduera-programa Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak lelopean eta Nafarroa osoko 45 herritara 168 ekintza eramanen ditu, tartean Urdazubira iraileko azken asteburuan eta Leitzara urriko lehen asteburuan.

Ekintzak Nafarroako Kulturaren webgunean eta Jardunaldien webgunean bertan kontsulta daitezke, eta bertatik, gainera, dokumentu interaktibo bat deskargatu ahal izanen da, udalerrika antolatutako hitzordu guztiekin.

 

Urdazubin irailaren 27an eta 28an, monastegiko museora eta Alkerdi-Berroberria lezeetara bisita

Urdazubin bi jarduera programatu dituzte irailaren azken aste hondarrerako.

Irailaren 27an, ortziralean 14:00etatik 18:30era Salbatore monasterioko museora doako bisitak antolatu ditu Otxondo Evenementsek. Aitzinetik izena eman behar da 948 59 90 31 telefonora deituz edo otxondo@gmail.com helbide elektronikoan.

Irailaren 28an, larunbatean 10:00etan Alkerdi-Berroberria historiaurreko gunerako bisita eginen dute, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak antolatua. Urdazubiko monasterioko aparkalekuan eginen dute hitzordua eta Berroberriko historiaurreko aztarnategia eta Alkerdi 1eko grabatu paleolitikoak bisitatuko dituzte.
Hainbat urtez Alkerdi-Berroberriko gune karstikoan gizakiak duen presentziari buruz ikertu ondoren, leizeetako ondare paleontologikoari buruzko ikerketak abian jarri berri dituzte.


Leizeetako hartzaren erregistro garrantzitsuak oraindik garrantzi handiagoa ematen dio berez aparta den gune honen ondare natural eta arkeologikoari.

Mendiko arropa eta oinetakoak eramatea gomendatzen dute, baita esku- edo kopeta-argia ere Alkerdi 1en sartzeko. Informazioa eta izen-emateak 848 42 60 90 telefonora deituz, astelehenetik ortziralera 09:00etatik 13:00etara.

 

Urriaren 4an, Leitzako txistularien errepertorioaz solasaldia eta emanaldia

Urriaren 4an, ostiralean 18:00etan Leitzako udaletxeko batzar aretoan ‘Leitzako txistularien errepertorioa, Angel Alduntzin eta Miguel Angel Sagasetaren eskutik: interpretaziotik eskuizkribuetara’ solasaldia eskainiko dute, Leitzako txistulariek, Leitzako Udalaren eta Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren laguntzaz antolatutko emanaldian.

Leitzako txistularien belaunaldiz belaunaldiko errepertorioa, Angel Alduntzin txistulariaren eta Miguel Angel Sagaseta apaizaren bidez jasotakoa izango da solasgaia. Errepertorio horren gordailu bihurtu den Sagasetaren eskuizkribuen ikuskatze eta sailkatze lanaren aurkezpena eginen dute.

Txistu doinuek girotuta, Leitzako herriak musika arloan daukan ondare preziatuenetarikoa ezagutzeko aukera eta herriko kultura ohiturek izan duten iragana eta garapenaren eskutik, ondare kultural aberatsago batera joateko bidea.

Leitzako txistulari taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun