Ortziralean Lesakan jokatu zuten aurtengo Bardoak ekimeneko lehen saioa. Bertan Bortzirietako hainbat belaunalditako emakumeek osaturiko Hor Gu! taldea eta Erronkari-Iruñerriko Errimaren Matxinatuak aritu ziren. Beheko Plazan jokatu zuten saioa 40 lagun aditzen zituztela. Hor Gu! taldean Maddi Ane Txoperena, Ekhiñe Zapiain eta Kattin Madariaga aritu ziren kantari eta Uxue Mesa, Ane Telletxea eta Iratxe Muxika aritu ziren aurkezle lanetan. Saio bukatuta, Bortzirietako taldeak lortu zuen garaipena eta puntua.
Ordu erdi beranduago jokatu zuten Sunbillako Ulibeltzak elkartean Malerreka ez da Baztan eta Pikutara Goaz taldeen arteko saioa. Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Bittori Elizalde aritu ziren kantuan Malerrekako taldean eta Gaizka Baigorri, Jon Aldabe eta Xuban Etxegia aritu ziren gaiak ematen. 40 lagun inguru elkartu ziren saioan. Etxeko taldeak, Malerreka ez da Baztan taldeak irabazi zuen saioa.
Asteburuko hirugarren saioa Lizarran jokatu zuten bertako Assurancetorurix eta Leitza, Altsasu eta Barañaingo bertsolariek osaturiko Manteleko Sobrak taldeek. La Bota Peñan jokatu zuten saioa eta 40 lagun inguru elkartu ziren. Kasu horretan kanpoko taldea, Manteleko Sobrak taldea izan zen irabazlea.
Asteburu honetan izanen du segida Bardoak ekimenak eta eskualdea Lekarozen jokatuko dute saioa ortziralean, hilaren 20an Mutilatuak eta Pirini Bardo taldeen artean.