Emakume Master Cupek antolatutako San Mateo torneoan, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun dira Logroñoko Adarragan jokatuko den finalerako txartela eskuratu duten lehen pilotariak, Arrubalgo pilotaleku ederrean igandean jokatutako finalerdian Salsamendiri eta Mendibururi 22-15 irabazita.
Leitzako aurrelariak sekulako dohainak ditu aurreko koadroetan tantoak bukatzeko eta errioxarrek horren gustukoa duten frontis inguruko joko horretan sekulako artista da. Bigarren finalerdia, Arrizabalaga-Capellán eta Aldai-Perezen artekoa, asteartean jokatuko dute Santo Domingo de la Calzadan.
Arrubalgo pilotalekuko jaialdia hasteko jokatu zen lehen partidan, Uriartek eta Nahia Bertiz sunbildarrak 18-14 irabazi zieten Gomezi eta Betegiri.