Esne Beltzak otsailaren 1ean Bilbon emanen du bere azken kontzertua

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 16a, 10:00

Sarrerak bihar paratuko dituzte salgai.

Taldeak joan den urtean iragarri zuen bere ibilbidea bukatzekotan zela, eta berriki jakinarazi du non eta noiz eginen duen bere agurreko kontzertua: otsailaren 1ean izanen da, Bilboko Bilbao Arenan. Iragarri duenez, «azken kontzertua ez da nolanahikoa izanen».

Taldea 2007an sortu zuten, Xabi Solano trikitilariaren ideiari tiraka. Agudo bildu ziren taldera hainbat musikari, tartean, eskualdeko hiru: Arantzako Iban Zugarramurdi bateria jotzailea, Leitzako Aitor Zabaleta baxu jotzailea eta Aranon bizi den Jon Mari Beasain gitarra jotzailea. Hirurak urte luze hauetan taldeak izan duen ibilbide oparoaren parte izan dira.

«Lagun handiz inguratuta»

18 urte beteko ditu taldeak eszenatokietatik agurtzen denerako. Hain zuzen, azken kontzertu horri begira, «lagun handiz inguratuta» ariko dela jakinarazi du, eta izenak ere eman ditu: Fermin Muguruza, La Pegatina, El Canijo de Jerez, Chambao, Moro Bad Sound, Pini, Juantxo Arakama, Gorka Suaia, Endika eta Maisha (121 Krew), Amak, Flavio, Xiberoots, Kimua Dantza Kolektiboa, Green Valley eta La Pucci. Baina horiez gain, «sorpresa gehiago» ere izanen omen dira. Egun horretan 19:00etan irekiko dituzte Bilbao Arenako ateak eta kontzertua 21:00etan hasiko da.

Taldearen hitzetan, «besta bat izan zen gure hasiera, eta besta bat izanen da bukaera, denik eta alaiena». Baina aldarrikapenak atzendu gabe: «alaitasuna borroka tresna bezala erabili dugulako hasieratik. ‘Altxa eskua herriarekin bazaude’ dio gure azken kantuetako batek, eta herriarekin dantzatu nahi dugu gure zuzeneko azken kanta».

Sarrerak bihartik aitzinera

Sarrerak bihar, irailaren 17a, 10:00etan paratuko dituzte salgai lotura honetan. 25 eurotan erosten ahalko dira, eta egunean bertan 30 eurotan.

«Marabilla izanen da Miribilla»

«Gure behiak ez du esne gehiagorik, ziklo bat ixten dugu, eta ziklo hori alaia bezain ederra izan dela zabaldu nahi dugu lau haizetara, horregatik nahi dugu ate hori behar den bezala itxi, gu izan garen esentziari helduz». Halaxe adierazi du taldeak bere azken kontzertua iragarri duen idatzian.

Gehiago ere erran du: «Esne Beltza eman duen behiak baditu txahalak, aratxeak, eta haiek segituko dute beraien esnea zabaltzen Euskal Herrian, gehien maite dutena eginez, musika eta dantza». Esne Beltza «familia bat» dela ere oroitarazi du taldeak oharrean, «hori aldarrikatu dugu urte luzez, eta familia horrekin eginen dugu azken besta Bilbon». Baina musikari lagunak gonbidatzearekin batera, «zaleei bertaratzeko deia» egin die.

«Bihotz forma duen mundu bat osatu dugu elkarrekin, koloretsua, alaia; eta errespetua, miresmena eta eskerra luzatzen dizuegu gurekin bat egin duzuen guztiei. Anitz dira ezin izanen dutenak Miribillan gurekin izan, baina haiek gogoan kantatuko eta dantzatuko dugu. Marabilla izanen da Miribilla».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun