Nafarroako erremonte txapelketako bigarren finalerdiko joaneko partida Zangozan jokatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 13a, 12:00

Aimar Saldias oiztarra gibelean eta Eloy Otxandorena doneztebarra aitzinean gailentzen saiatuko dira. Finalerdia irabazteko giltzarria horixe izan daiteke.

Otxandorena doneztebarra eta Ion, Iturregi iruritarraren eta Saldias oiztarraren kontra ariko dira

Nafarroako erremonte txapelketako hemeretzigarren edizioko bigarren finalerdiko joaneko partida irailaren 15ean, igandean jokatuko dute Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek, Xuban Iturregi iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra.

Final laurdenetako ligaxkako partida irabazi eta beraien multzoan buru izan ziren Otxandorena eta Ion izanen dira faborito, baina Saldias, bere kolpearekin, eta gero eta hobe ari den Iturregi aurre egiten saiatuko dira.

Zangozako besten barrenean, igandean 17:30ean hasiko den jaialdiko lehen partidak Xanti Uterga doneztebarra eta Baztan, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Gero jokatuko da finalerdietako partida.

Jaialdia ANECDS elkartearen alde (Zangozaldeko haur eriak laguntzeko elkartea) antolatu dute aurten ere Zangozan. 22 urtetik goitiko ikusleek 10 euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Bildutako diru guztia ANECS elkartera bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun