Garbiñe Goia Irazoki

«Aldaketa guztiek urduritasuna eta angustia sortzen dute»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 14a, 10:00

Garbiñe Goia Irazoki psikologoak nabarmendu du garrantzitsua dela nor bere emozioekin konektatzea.

Garbiñe GOIA IRAZOKI, psikologoa eta psikoterapeuta

Iraila ailegatzearekin batera errutinara itzultzeko garaia izaten da. Eta ez helduentzako bakarrik, baita haurrentzako eta gaztetxoentzako ere. Aldaketa garaia izaten da etxe aunitzetan, eta garrantzitsua izaten da aldaketa horietarako prest egotea. Garai honi aitzin egiteko hainbat gomendio eman ditu Garbiñe Goia Berako Osatuz psikologia eta psikoterapia zentroko arduradunak. 

Iparraldean duela bi aste, eta Hegoaldean pasa den astean hasi ziren haurrak eskolan  ia hiru hilabeteko oporren ondotik. Eskolako itzulera haur bakoitzarentzat diferentea dela nabarmendu du Goiak. «Etxean egoera hain erraza ez dutenentzat lasaitasun edo babesleku bat izan daiteke ikastetxea, eta etxea babesleku denentzat diferentea izaten da», azaldu du psikologoak. Maila akademikoan hainbertze erraztasun ez duten ikasleentzako, adibidez, egokitzapena zailagoa dela dio: «Beraientzako angustia eta urduritasun faktore haundi bat izan daiteke klasera itzultzea».

Aldaketekin urduritasuna

Aunitz izanen dira aurten eskolan aldaketak izanen dituztenak: haur eskolan hasiko direnak, haur eskolatik eskolarako pausua emanen dutenak, bigarren hezkuntzan hasiko direnak, unibertsitatera joanen direnak... «Aldaketa guztiek angustia eta urduritasuna sortzen dute, nahiz eta aldaketa onerako izan», azaldu du beratarrak. Adinaren arabera, aldaketak diferente landu behar direla dio. «Haur eskolako haurren kasuan, garrantzitsua da lehenengo eskolaratze prozesua ongi zaintzea hori delako mundurako lehen saltoa. Inportantea da egokitzapen on eta kalitatezko bat egitea». Bere hitzetan, horrek baldintzatzen ahal du haurrak mundua ikusteko  izanen duen manera.

«Estres momentuak gutxitzen saiatu behar dugu»

Garbiñe GOIA IRAZOKI

Instituturako jauziari ere buruz mintzatu da Goia. Bere hitzetan, «garai kritikoa» izaten da hori ere. «Nerabeak urduri egoten dira, egoera emozional aski desorekatua dute... Lagunei buruz solastatzea garrantzitsua da, berdinen arteko harremanek garrantzia haundia hartzen dutelako etapa horretan», dio. Eta unibertsitatera joateko pausuari ere garrantzia berezia eman dio psikologoak: «Jauzi delikatua da». Ordura arteko errealitatea erabat aldatzen da bere hitzetan: «18 urte arte jende ezagunarekin ibiltzen zara. Unibertsitatera joaten zarenean, normalean bakarrik joaten zara eta bide indibiduala izaten da. Salto haundia izaten da eta gertatzen ahal diren beldur edo angustia uneetan laguntzea garrantzitsua da», gomendatu du. 

Eskolaz kanpo ere ekintzak

Ohikoa izaten da haurrak ikastetxetik atera orduko eskolaz kanpoko ekintzetan murgilduta egotea. Arratsaldetako eguneroko ordutegi zurrun horren gibelean, aunitzetan, gurasoen «beldurrak eta exijentziak» daudela uste du: «Guraso edo heldu bezala beldurra izaten dugu haurra gibelean geldituko ote den, eta gauza denetara apuntatzen dugu. Kontuz ibili behar dugu, eta ikusi noraino paratzen ditugun haurren bizkar gure beldur eta segurtasun faltak», esplikatu du.

Eskolaz kanpoko ekintzak aukeratzean, gainera, ume bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu beharko liratekeela dio. «Batzuetan errefortzuan zentratzen gara, eta zerbaitetan gaizki badabil apuntatu egiten dugu horretan eta ez ote genuke alderantzizko bidea egin beharko? Dantzan ona bada segitu dezala dantzan, horrek ere bertze alorrak indartzen lagunduko diolako».

Aldi berean, denbora librearen garrantziaz ere aritu da, eta baita parkean zein familian pasatzen den denboraz ere. «Eskolak hartzen du egunaren zati haundi bat eta gainera arratsaldea eskolatik kanpoko bertze ekintzetan pasatzen baduzu, ea nolako denbora ematen duzun gero familiarekin...».

Egunerokoan izan daitezkeen estres momentuen aitzinean oroitarazi du presa gurasoena izaten dela, eta ez haurrena. Horren aitzinean, ahal den neurrian une horiei aurre hartzea eta gauzak lehenagotik antolatzea proposatu du. «Estres momentuak ailegatuko dira, baina hobe da momentu horiek ahalik eta gutxien izatea; ez da giro atsegina sortzen eta denok haserre bukatzen dugu».

Emozioekin konektatzeko beharra

Haurrez gain, ohikoa izaten da helduek ere udan izatea opor sasoia, eta beraz, aunitzentzat laneko lehenengo egunak izanen dira irailekoak. Opor sasoia norbere emozioekin konektatzeko une aproposa izaten da, Goiaren hitzetan, eta zerekin konektatzen eta zerekin deskonektatzen dugun aztertzea garrantzitsua iruditzen zaio. Lanerako itzulera radar moduko bat izan daitekeela esplikatu du: «Bada jende bat  bene-benetan ez duena lanera itzuli nahi eta hor hausnartu beharko lukete zergatik gertatzen zaien hori, zergatik ez duten  lanera itzuli nahi. Eta kontrara ere bai, gogo aunitz baldin badute itzultzeko noraino arte betetzen ote dituen beren lanak».

Asmo berri aunitz

Oporretatik itzultzeaz gain, errutina berri bati ekiteko hilabetea izaten da iraila. Horren seinale da, aunitzek ,euren bizitza aldatzeko hilabete gisa hartzen dutela. «Ongi dago gure ingurua begiratzea eta pausa bat hartzea norbere buruari galdetzeko zer egin nahi dugun ikasturtean», zehaztu du Goiak. Baina, errealistak izateko gomendioa egin du, eta agenda «kontuz» betetzeko. «Aunitzetan bete ezin ditugun helburuak paratzen dizkiogu geure buruari eta horrek frustrazioa sortzen digu».

Horren kontra, norbere buruarekin onberak izatea gomendatu du. «Geure buruari baimena eman behar diogu erortzeko. Bidea ibiliz egiten da, pausuz pausu eta poliki. Epe luzeko helburuak paratzen ditugu eta hasi orduko ito egiten gara eta sorgin gurpil toxikoetan erortzen gara», ohartarazi du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun