Metodoa duela urte gutti sortu bazen ere gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Eskualdean ere hainbat dira K-Stretch klaseak ematen dituzten zentroak, eta horietako bat da Berako Regina Tolosa zentroa. Bertako arduradun eta fisioterapeuta Regina Tolosak eman ditu metodoaren inguruko azalpenak.
Urte aunitzez kontsultan Stretching Global Activo metodoa erabiltzen aritu ondotik, duela hiru urte eman zuen K-Stretch klaseak emateko pausoa Tolosak. «Streatching global activo kirolariei begirako metodoa zen, baina K-Stretch denek egiten ahal dute», nabarmendu du Tolosak. «Haurrek, helduek, kirolariek, kirolik egiten ez dutenek, lunbagoa dutenek... edozeinek egiten ahal du», zehaztu du. Horren erakusgarri da 85 eta 90 urteko bi lagun ere aritzen direla K-Stretch egiten bere zentroan.
«Denok egin beharko genituzke luzaketak»
Regina TOLOSA
Hamakak ditu oinarri metodoak, eta hamaka horietan egiten dute K-Stretch klasea. Ordubetean hainbat postura diferente egiten dituzte hamaka horretan, beti ere posturari eta arnasketari garrantzia emanez, eta gorputza luzatzen une oro. Fisioterapeutak arduratzen dira klasea gidatzeaz, eta paziente bakoitzaren patologiak ezagutzen dituztenez gero, kasu bakoitzaren arabera egokitzen dituzte hamakan egiten dituzten ariketak.
«Klasea luzaketen test bat eginez hasten dugu, eta klase bukaeran test berbera errepikatzen dugu. Bertan ikusten da zenbateko diferentzia dagoen hasieratik bukaerara, eta normalean nahiko handia izaten da», azaldu du Tolosak. K-Stretchak hainbat onura dituela azaldu du: «muskuluetako tentsioa kentzen du, gorputzaren jarrera aldatu eta hobetzen du, mugikortasun artikularra hobetzen du, odolaren zirkulazioa hobetzen du, egoera fisiko orokorra hobetzen du... abantaila asko ditu».
Gainera onurak «azkar» nabaritzen direla dio Tolosak: «Lehenengo klasean berean nabaritzen dira onurak. Lehen testetik bigarrenera nabaritzen da gehiago luzatzen dela, eta hilabete bakarrean nabaritzen da diferentzia».
K-Stretchaz harago egunerokoan luzaketak egitearen garrantzia nabarmendu du fisioterapeutak: «Oso garrantzitsua da muskulatura garatua izatea eta masa muskularra izatea», azaldu du, baina ohartarazpen bat ere egin du: «Azken aldian aunitz zabaldu da muskulatura lantzeko joera, baina muskulu horiek luzatzeko modua izan behar dute, bestela artikulazioetan mugimendurik gabe gelditzen dira, eta hori luzaketen bidez lortzen dugu».
Etxean luzaketak egitea zein K-Stretch metodoa probatzea gomendatu ditu. «Ez da azaltzeko metodo erraza, eta nik mundu guztiari gomendatzen diot probatzeko. Lunbagoa dutenek, adibidez, pentsatzen dute ezin dutela egin, baina, berehala ohartzean dira baietz, postura bikaina dela eurentzako ere».