Ados Pilota elkartearen Plazaz Plazako final handia Donostian jokatuko dute irailaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 13a, 18:00

Joan den igandean Etxaurin jokatutako finaledietan garaile suertatu ziren Iturriaga-Zabala eta Ruiz de Infante-Mujika bikoteak. Igande eguerdian jokatuko dute finala Donostiako Trinitate Plazan.

Igande eguerdian Trinitate plaza, Iturriaga leitzarra eta Zabala, Ruiz de Infante eta Mujikaren kontra ariko dira

Udara beti da berezia pilotarientzat. Bestetako partida aunitz eta horrez gain urtero xarma berezia duen Plazaz-Plaza txapelketa antolatzen du Ados Pilota Elkarteak. Urtean zehar pilotaleku estalietan jokatu ondoren plaza zailei aurre egiteko garaia. Aurten gainera Plazaz-Plaza ohiko txapelketa Udara Caixabank txapelketarekin batera uztartu behar izan dute pilotariek.

Azkoitia, Areso, Eltziego, Getaria, Arazuri eta Etxauriko plazetatik pasa eta gero erabakita gelditu dira igande honetan Donostiako Trinitate Plazan jokatuko duten finalistak, orain arte arrakalarik gabeko txapelketa egin duten Iturriaga-Zabala eta Ruiz de Infante-Mujika bikoteak. Izan ere, jokatu dituzten partidu guztiak irabazita pasa dira finalera. Azkenak, joan den iganean Etxaurin jokatutako finalerdiak izan ziren. Ruiz de Infantek eta Mujikak 22-20 irabazi zieten Aldaregiari eta Galeanori eta Iturriagak eta Zabalak 22-17 irabazi zieten Barrokali eta Oskozi.

Honenbertzez, igande honetan, 12:00etatik aitzinera faborito argirik gabeko lehia gogorra aurreikusten da baina Trinitate plazak dituen berezitasunera hobeki egokitzen den bikoteak aukera handiak izanen ditu edizio honetako Plazaz-Plazako txapela eskuratzeko. 

Donezteben larunbatean jaialdi interesgarria

Finala ez da asteburu honetako hitzordu garrantzitsu bakarra izanen. Larunbatean Ados pilota elkartearen babesle ere baden Mariezcurrena Eraikuntza enpresak antolatutako jaialdi interesgarria jokatuko baita Doneztebeko udal pilotalekuan. Sarrera guztiak dagoeneko agortuak daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun