Lesakan eta Sunbillan jokatuko dituzte ortziralean Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketako saioak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 20:00

Bortzirietako Hor Gu! eta Malerrekako Malerreka ez da Baztan taldeek ortziralean izanen dituzte saioak.

Ortzirale honetan hasiko da Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketaren zazpigarren edizioa. 13 taldetan banatuta, 91 lagunek hartuko dute parte eta denera 19 saio eginen dituzte. Lehen bi saioak ortziralean jokatuko dituzte Lesakan eta Sunbillan.

Lesakan Bortzirietako hainbat belaunalditako emakumeek osaturiko Hor Gu! eta Errimaren Matxinatuak taldeak arituko dira nor baino nor. 19:00etan hasiko da saioa Beheko plazan. Hor Gu! taldeko kideak dira  Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Esti Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika.

Sunbillan ordu erdi beranduago hasiko da saioa, 19:30ean Ulibeltzak elkartean. Malerreka ez da Baztan eta Pikutara Goaz taldeak ariko dira bertan. Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Bittori Elizalde, Gaizka Baigorri, Itxaso Arrieta, Maialen Belarra, Edorta Murua, Irati Agesta, Irati Arrieta, Jon Aldabe, Oier Zulaika, Xabi Garraus eta Xuban Etxegia ari dira Malerrekako taldean.

Asteburu berean, txapelketako hirugarren saioa jokatuko dute Lizarran eta Assurancetourix eta Leitzako Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga taldekide diren Manteleko Sobrak ariko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun