Ortziralean hasiko da Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketa Lesakan eta Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 9a, 15:00

Ortziralean, irailaren 13an, hasiko da Bardoak ekimenaren zazpigarren aldia. Taldekako bertso txapelketa izanen da eta 19 saio jokatuta, finala urriaren 26an jokatuko dute Garesko frontoian. Hamahiru taldek hartuko dute parte txapelketan, denetara 91 parte hartzaile, eta horietako aunitz eskualdekoak izanen dira.  Ortziralean Sunbillan eta Lesakan izanen dira saioak.

Bortz  helburu nagusirekin antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak ekimena: Bertso eskolen sarea aktibatu eta indartu nahi dute Nafarroako bertso eskolen arteko harremana bultzatuz, Nafarroako bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu nahi dute, bertsolari gazte eta hasiberriei trebatzeko aukera eman nahi diete plaza berriak emanez eta txapelketaren presiorik gabe, plaza berrietara ailegatu nahi dute bertsolaritza Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko, eta bertsolaritzaz gozatzeko formatu berritzailea eskaini nahi dute.

Txapelketaren egutegiari dagokionez, irailaren 13an hasi eta urriaren 26ra arte jokatuko dute txapelketa eta 20 saio izanen dira Nafarroako 18 herritan. Lehen fasean 13 taldek hartuko dute parte, eta irailaren 13tik 28ra arte jokatuko dute. Bigarren fasera 13 taldetik sei pasako dira eta urriaren 4tik 13ra bitarte jokatuko dute. Finalera aldiz, hiru talde sailkatuko dira eta urriaren 26an eginen dute Garesko frontoian.

Eskualdeko parte hartzaileak

Taldeei dagokionez, 13 talde izanen dira eta horietako bortz dira eskualdekoak. Talde bakoitzean bertsolariak, gai jartzaileak eta aurkezleak daude:

  • Manteleko Sobrak (Leitza, Altsasu eta Barañain): Beñat Astiz, Ekain Alegre, Hodei Alegre, Eki Mateorena eta Kattalin LIzarraga.
  • Baztanzopak (Baztan): Malen Altzuart, Alazne Untxalo, Irati Majuelo, Amaia Elizagoien, Ane Fagoaga, Markel Adin, Maddi Etxebeste eta Lierni Oteiza.
  • Hor gu! (Bortziriak): Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Esti Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika.
  • Malerreka ez da Baztan (Malerreka): Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Bittori Elizalde, Gaizka Baigorri, Itxaso Arrieta, Maialen Belarra, Edorta Murua, Irati Agesta, Irati Arrieta, Jon Aldabe, Oier Zulaika, Xabi Garraus eta Xuban Etxegia.
  • Mutilatuak (Bortziriak-Baztan): Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Iban Garro.

Horrez gain eskualdeko parte hartzaileak izanen dira bertze talde batzuetan ere. Itziar Mitxelena aranztarra Pirini Bardo taldean, Josu Sanjurjo lesakarra EzKrashak taldean eta Xabi Terreros lesakarra Drimtin taldean.

Saioak eskualdean

Saioei dagokionez, asteburu honetan hasiko da txapelketa, eta lehen fasean bortz saio izanen dira eskualdean.

  • Lesaka, irailak 13, ortziralea, beheko plazan 19:00etan Hor gu! eta Errimaren Matxinatuak taldeak ariko dira nor baino nor.
  • Egun berean, Sunbillan, Ulibeltzak elkartean 19:30ean Malerreka ez da Baztan! eta Pikutara Goaz taldeak ariko dira.
  • Irailaren 20an, ortziralea, Lekarozko ostatuan Mutilatuak eta Pirini Bardo taldeak ariko dira 19:30ean.
  • Irailaren 27an, ortziralea, Leitzako gaztetxean, 20:00etan Manteleko Sobrak eta Drimtim taldea lehiatuko dira.
  • Irailaren 28an, larunbata, eskualdeko bi talde ariko dira nor baino nor Erratzuko elkartean 19:00etan, Baztanzopak eta Hor gu!

Finalaurrekoei dagokionez Tafallan, Irunberrin, Irurtzunen, Etxaurin, Iruñean eta Tuteran jokatuko dituzte.

Txapelketaren informazio dena horretarako espresuki prestatutako webgunean paratuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun