Hezkuntzako sindikatuek irakaskuntza publikoan irailaren 26rako greba deialdia erregistratu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 6a, 19:00

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek bat egin dute irailaren 26rako greba deialdiarekin.

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26rako, ostegunerako, greba deialdia aurkeztu dute Hezkuntza Departamentuko erregistroan.

Administrazioaren aurrean sektore publikorako lan-hobekuntzak denbora luzez aldarrikatu ondotik, erakunde sinatzaileek uste dute Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez dietela jaramonik egin euren eskaerei: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan-gainkarga murriztea eta irakaslegoaren egonkortzea.

Horregatik guztiagatik, irakaskuntza publikoko irakasleak ordezkatzen dituzten sindikatuek adierazi dute nazkatuta daudela Administrazioaren negoziatzeko borondate faltarekin. Hezkuntza publikoko sindikatuek uste dute mobilizatzeko unea iritsi dela, eta dei egin diete irakasle guztiei datorren irailaren 26an, osteguna, grebarekin bat egin dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun