Hasierako ligaxka akitu ondotik, asteburu honetan abiatuko dira Nafarroako XIX. erremonte txapelketako finalerdiak. Zehazki, irailaren 7an, larunbatean 18:00etan Garesko Zamariain pilotalekuan hasiko den jaialdiko bigarren partidan, finalerdietako joaneko partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Otanoren kontra ariko dira.
Jaialdiko lehen partida ere handia izanen da: Zeberio II.a eta Markel Leatxe donamariarra, Matxin III.a eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.
Txapelketako jaialdi guztietan bezala, ADANO elkartera bideratuko da sarreran bildutako dirua. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira.