2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernai gazte antolakundeak bi protesta egin zituen Bilbon eta Gasteizen. Ekimen haietan Ertzaintzak 133 gazte identifikatu zituen, eta handik zortzi hilabetetara identifikatutako kide guziak salatu zituen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Mozal legea aplikatuta. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak paratu zizkieten gazteei, denetara: 290.500 euro. 133 gazte horietako bi dira Patxi Martin Arregi doneztebarra eta Josu Txoperena Iribarren lesakarra. Isunak «erabaki politiko baten ondorioa» direla salatu dute.
Noiz eta nola izan zenuten isunaren berri?
Ekimenetan parte hartu genuen kideoi momentu berdintsuan ailegatu zitzaigun, maiatz aldera. Nire kasuan [Patxi], notifikazioa eta isuna etxera ailegatzea kosta zen, baina espero nuen zerbait izan zen, kide guziak harremanetan baikeunden. Horrelako berri bat hartzea ez da erraza. Diru aunitz da eta zaila da batzuetan egoera kudeatzen, kezka handia izaten baita aunitzentzat. Hala ere, egituraren eta komunitatearen babesa hartu dugu eta horrek segurtasuna ematen du.
«Gure proiektuak geroz eta babes handiagoa du eta hori gaur egun agintean dauden alderdientzat bereziki jasangaitza da»
Ernairen aurkako «eraso larria» dela salatu du antolakundeak, eta «erabaki politiko baten ondorio» izan dela erran du. Zergatik?
Gure proiektuak geroz eta babes handiagoa du eta hori gaur egun agintean dauden alderdientzat, UPNrentzat, PSOErentzat, PPrentzat eta EAJrentzat batez ere, bereziki jasangaitza da. Gure kasuan arbitrariotasun garbia dago isunen kopuruagatik. Horregatik erraten dugu Ernairen aurkako erasoa izan dela eta erabaki politiko baten ondorio. Gainera, badakigu salaketa paratu duena, kasu honetan, EAEko Segurtasun Saila izan dela, beraz... Ondorioak errazak dira ateratzen.
Isunen zenbatekoak nabarmen handitu dituzte...
Gisa aunitzetako ekimenetan, nahiko ohikoa izaten da identifikazioa eta isunen bat ailegatzea. Mozal legea aplikatuta, normalean ekimenaren arduraduna identifikatu ohi da eta 600 euroko isuna hartzen du. Mozal legea aplikatzea bera ere gaitzetsi nahi dugu. Kasu honetan, ordea, kide guziak, 133, identifikatu gintuzten, eta bakoitzari 1.500 eta 2.500 euroko isunak paratu zizkiguten. Beraz, horregatik diogu bereziki desproportzionala izan zela isuna.
«Euskal Herrian, herri mugimendua eta eragile sozialak gelditzeko erabiltzen dute Mozal legea»
Zer erranen zenukete Mozal legearen inguruan?
Mozal legea bere oinarritik antidemokratikoa da. Oroitarazi nahi dugu PP Espainiako Gobernuan zela onartutako legea izan zela, UPNren babesarekin. Azken finean, botere banaketa ohikoa beharrean, administrazio publikoari salaketak egiteko eskubidea ematen dio. Horrek administrazioaren aurka dagoen edozein egoera zaurgarrian uzten du. Euskal Herrian, herri mugimendua eta eragile sozialak gelditzeko erabiltzen dute legea.
Isunen aurkako helegiteak aurkeztea erabaki duzue, eta dagoeneko batzuk aurkeztu dituzue. Denera 133 aurkeztea da asmoa?
Bai, hori da, 133 isun eta 133 helegite. Ahalik eta erantzun sendoena ematea da gure intentzioa.
Zer frogatu nahi duzue helegiteen bitartez?
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren partzialtasuna eta desproportzionaltasuna agerian utzi nahi dugu. Gainera, kasu hau etorkizuneko bertze kasuen aurrekaria izanen da segur aski eta horren kontrako gure jarrera irmo erakutsi nahi dugu. Horrelako kasuak normaltasunez ez hartzeko beharrezkoa iruditzen zaigu hasieratik erantzun sendoa ematea.
Prozesu judiziala abiatzeak zer erran nahi du Ernairentzat?
Prozesu judizial batek lan karga handitzen du gazte antolakundearentzat, bertze eginkizun ugari baititugu. Baina egiatan sinesten dugu bide hau ireki beharra dagoela, erasoaren aurka erantzuna antolatzearekin batera.
Ernai egoera onean ikusten duzue?
Bai. Pandemiak gogor astindu zituen eragile politikoak gizarte mailan. Hala ere, hori pasatu eta Ernai etengabeko hazkundean dagoela iruditzen zaigu. Geroz eta gazte gehiago gara eta antolakundea goiti doa. Dinamika honen bitartez frogatu nahi genuke isunak eta zigorrak hartuagatik, lanean segituko dugula ahalik eta indartsuen.
Elkartasun kanpaina ere martxan da. Zer egin duzue orain arte eta zein izan da emaitza?
Errepresio ekonomikoari erantzuteko, duela hilabete batzuk elkartasun kanpaina hasi genuen, elkartasun zozketaren eta diru bilketaren bitartez, adibidez. Emaitzak positiboak dira, baina oraindik ere elkartasun handiagoa behar dugu eraso ekonomikoari erantzuteko. Nahi duenak Laboral Kutxako ES14 3035 0108 01 1080050918 kontu korrontera egiten ahal du bere ekarpena, Dohaintza kontzeptua paratuta. Bakoitzak, ahal duen neurrian, egiten ahal dituen ekarpen guziak eskertuak dira.
Herritarren aldetik babesa sentitu duzue?
Bilboko eta Gasteizko ekimenek oihartzuna izan zuten eta jendeak galdetu izan digu zer gertatu zen. Isunen dinamika atera eta ingurukoen interesa eta babesa ere hurbil sentitu ditugu. Hala ere, orain arte ez dugu publiko egin gu izan garela isuna hartu dugunetako bi. Beraz, babesa ez da horrenbertze nabaritu.
«Aldi honetan gu izan garen arren, hurrengoan bertze edozein izaten ahal da»
Zer mezu zabalduko zenukete igandeko mobilizazioari begira?
Alde batetik, jendea bertaratzera animatu nahiko genuke, eraso hau ez baita Ernairen kontrakoa bakarrik, zerbait aldatu nahi duen edozeinen aurkakoa baizik. Aldi honetan gu izan garen arren, hurrengoan bertze edozein izaten ahal da. Horrelako injustizien kontra, beharrezkoa da ahalik eta erantzun sendoenak ematea jendearen kontzientzia aktibatzeko. Gainera, Donostiako estropaden eguna bereziki egokia izaten ahal da gure mezuak oihartzuna izateko.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Argi dago gure aurkako eraso hau zergatik gertatu den. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez erraten ahal dugu gure proiektua aitzinera doala, eta horren ondorioz ditugula horrelako trabak bidean. Hala ere, erasoei erantzun eta gure bidea egiten segituko dugu Euskal Herri eta gizarte askea eraiki arte.