Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango ekonomia eskola feministaren hirugarren edizioa eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 10a, 13:00

Urriaren 19ra arte ematen ahal da izena ekonomia feminista eskolaren hirugarren edizioan.

Mundu Bat Fundazioak eta Ara! Gorputz elkarteak antolatuta, hirugarren urtez Ekonomia Feminista Eskolatxoa eginen dute eskualdean. 202an abiatu zuten proiektua, eta hirugarren ikasturtea izanen da aurtengoa. Urrian hasita, sei saio eginen dituzte. Izen ematea urriaren 19ra arte egiten ahal da.

MunduBat fundazioak, Abya Yalan erresistentzian dauden emakumeek* egindako zenbait jakintza kolektiboen sistematizazioa dira ekonomia feminista eskolak, baina, Euskal Herriko testuingurura egokituta.

Lehen ikasturtean bi modulu landu zituzten, iaz hurrengo seiak lantzen aritu ziren eta aurten zortzigarrenetik aitzinerakoak landuko dituzte. Patriarkatua eta kapitalismoa, erresistentzia ekonomiatik, bizitza ona eta arrazakeria landuko dituzte aurten bertzeak bertze. Nahiz eta eskola duela bi urte hasi, edozein emakumek* eman dezaken izena eskolan parte hartzeko.

Urrian hasita, sei saio eginen dituzte, denak ere larunbat goizetan Berako Beralandeta aretoan 10:30etik 13:30ak arte. Saioak urriaren 26an, azaroaren 30ean, abenduaren 21ean, urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an eta martxoaren 15ean izanen dira.

Izen ematea urriaren 19ra arte egiten ahal da info@aragorputz.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Antolatzaileen asmoa 10-15 parte hartzaile  biltzea da. Parte hartzaileak ahalik eta saio gehienetara etortzeko beraien buruarekin konprometitzea eskatu dute antolatzaileek.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun