Haurrek lurretik ikastea. Horixe dute helburu Baztango, Bortzirietako eta Xaretako zazpi ekoizlek. Lurretik ikasiz programa paratu dute abian horretarako, eskualdeko eskoletako haurrek bertako ekoizleak eta ekoizleen lan egiteko manerak ikas ditzaten. Iazko urrian aurkeztu zuten proiektua, eta azaroan paratu zuten martxan eta geroztik, 400 ikaslek hartu dute parte programan. Lehen urtearen balorazio positiboa eginda, aurten ere jarraipena izanen du programak, irailean hasi eta ekainera bitartean. Lehen urtean bezala, bigarrenean ere bertako ikasleek hartzen ahalko dute parte.
Zazpi dira programaren parte diren ekoizleak: Lesakako Agorleku gaztandegia, Elizondoko Autxitxia gasnategia, Arizkungo Baztango Xurie (ardoa), Berako Erlanki (eztia), Anizko Jauregia Esnekiak, Etxalarko Maira okindegia eta Zugarramurdiko Martinea baratzea.
Eskualdeko ikastetxeei zuzendutakoak dira bisitak
Haurrak bertako ekoizleengana hurbiltzea du helburu egitasmoak, eta horretarako bi motatako ekintzak garatu dituzte. Alde batetik, ikasleek eskolan irakasleekin lantzeko material didaktikoa sortu dute haur hezkuntzako bigarren ziklotik hasi eta bigarren hezkuntzako lehen ziklorako ikasleentzako. Bertan, adinaren arabera banatu dituzte bai gaiak eta baita materiala ere. Helburua, material horien bidez ikasleek bertako ekoizpenaren inguruko informazioa lortzea eta modu erraz batean ulertzea da. Egitasmoaren bigarren adarra ikasleek ekoizleen lanlekura egiten dituzten bisitak dira. Bisita horietan, ekoizleen lan egiteko manera eta lekua ezagutzeaz gain, ekoizle bakoitzaren lanarekin zerikusia duten lanen bat ere egiten dute ikasleek. Ikasleek bisita egiten dutenerako, ikas materiala aitzinetik eskolan landua izatea da bultzatzaileen asmoa.
Elkarlanean sortua
Lurretik Ikasiz egitasmoan zazpi ekoizle baldin badaude ere, Anizko Jauregia etxaldeko Aitor Azkarate izan zen programaren ernamuina landatu zuena. Denbora zeraman bere etxaldean bisitak egiten, baina, ez zen emaitzarekin kontent gelditzen, eta uztea erabaki zuen. «Haurrak egun pasa etortzen zirela ikusten genuen, interesik gabe, eta guk nahi genuena zen haurrek zerbait ikas zezatela», azaldu du Azkaratek.
Dagoeneko 400 lagunek hartu dute parte programan
Duela bi urte Europako dirulaguntza bat tarteko, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana sustatzeko proiektu bat lantzeko aukeratu zuten, eta hori izan zen ondotik Lurretik Ikasiz izanen zenaren ernamuina. Hasieran, Baztango ikastetxeekin hasi ziren, eta ondotik, zabaldu zuten eskualde mailara, eta orduan sortu zen gaur egun Lurretik Ikasiz bihurtu dena. «Nahiz eta ekoizle diferenteak izan, arras ongi moldatu gara denak, horrek aberastasuna eman dio proiektuari», nabarmendu du baztandarrak. «Parte hartzaile denek ideia berdintsuak genituen, eta talde lana aunitz erraztu du horrek», gehitu du.
Ikasleen bisitekin kontent
Lurretik Ikasiz programaren parte da baratzea Zugarramurdin duen Maialen Txantre ekoizle beratarra. Iazko ikasturtean bi bisita izan zituen bere baratzean, eta hagitz kontent da bai egitasmoarekin, eta baita bisitetan bizitutakoarekin ere. «Hasieran nahiko urduri nintzen, inoiz ez baitzen egon hainbertze jende nire baratzean. Baina ikasleek sekulako interesa erakutsi dute eta segidan ikusten dute non dauden gauzak landatuak, non ibiltzen ahal diren, eta non ez... Sekulako interesa dute». Bere kasuan bisitetan saiatu da ekintza praktikoren bat egiten, eta ikasleak babak ereiten zein berenjenak landatzen paratu ditu, sasoiaren arabera. «Ikasleak hagitz txukun aritu dira lanean eta nire aldetik esperientzia hagitz ona izan da, hagitz kontent nago», nabarmendu du.
Ikasturte honetan egindako bisitekin ere «arras kontent» da Aitor Azkarate ekoizle aniztarra: «Etortzen diren haurrek jarrera erabat desberdina dute, eta irakasleekin ere arras ongi moldatu gara. Beraiek badakite zertara heldu diren eta haurrek ere bai. Gustura etortzen dira, baina ez da txango bat, ez da denbora pasa bat. Eskolako bertze ariketa bat da».
Dirulaguntzak
Proiektua garatzeko Nafarroako Gobernuaren zein Baztango Udalaren dirulaguntza hartu dute ekoizleek, eta laguntza horiek material didaktikoa zein etxaldeetara bisitak prestatzeko baliatu dituzte. Arrea elkartea arduratu da hezkuntza materiala prestatzeaz eta bisitak, aldiz, Xomorro elkartearen laguntzaz prestatu dituzte. Helburua bisita dinamikoak sortzea zen, horretarako Xomorroko kideek aholkuak eman dizkiete ekoizle bakoitzak zer landu dezakeen eta informazio hori haurrei nola transmititu laguntzeko. Txantreren hitzetan, «prozesu aberasgarria» izan da, eta aholkularitza jasotzearena: «Gure beldurrik haundiena zen ez genekiela nola solastatu, zer egin, aholkularitza hartzeak eman ditu segurtasun bat ikasleak hartzeko orduan».
Irakasleak ere «kontent»
Jaione Perurena izan da programan parte hartu duenetako bat. Elizondo Lanbide Eskolako irakaslea da eta oinarrizko mailako ikasleekin landu du Lurretik Ikasiz natur zientziak eta matematikak uztartzen dituen ikasgaian. Lankide baten bidez ezagutu zuen proiektua eta gaian interesa zuenez, ez zuen zalantzarik izan ikasleekin lantzeko. «Ikasleen mailarako zazpi unitate didaktiko daude prestatuta, eta astebeteko epean hiruzpalau landu genituen», azaldu du. Ikasleentzako materiala «arras dinamikoa» dela kontatu du irakasleak, eta ikasleak «distraituak» aritu direla lantzen. Ikasgelan gaia landuta, Arizkunera egin zuten bisita, Baztango Xurie ardogintza proiektua ezagutzera.
Aholkularitza zerbitzua izan dute ekoizleek proiekturako
Bisitaren oroitzapen aski ona du Perurenak: «Ikasleek arras ongi pasatu zuten. Iñakik, Baztango Xurie proiektukoak, sekulako hitzaldia eman zuen eta ikasleak aski gustura egon ziren», kontatu du. Ardoaren prozesua osoki ikusteko aukera izan zuten bisitan: lehen sektoreko mahastiak hasteko, bigarren sektorean ardoa kupeletan nola ekoizten duten, eta hirugarren sektorean salmenta eta egiten dituzten bisitak nolakoak diren. «Ikasleek galdera pila bat egin zituzten, eta sentsazio arras onarekin atera ziren bertatik», kontatu du. Are gehiago: «Bisitak ikasleei balio izan die ekoizleak ezagutzeko, bertako produktuak zein diren ikusteko eta hemen ere lan egin daitekeela ikusteko».
Lehen sektorea lanbide
Azkaratek zein Txantrek biek nabarmendu dute programaren garrantzia, ez bakarrik inguruan ekoizten diren produktuak ezagutarazteko eta ekoizleei aurpegia jartzeko, baita ikasleentzako lehen sektorea benetako lan aukera bat dela erakusteko ere. «Institutuan zaudenean eta ikasketei buruz solastatzean hagitz guttitan aipatzen da nekazaritza edo abeltzaintza lan aukera bat denik. Guretzat garrantzitsua da beraiek ikustea badela horretatik bizi den jendea eta bertze edozein lanbide bezalakoa dela», dio Txantrek.
Lehen sektorea lanbide gisa ezagutarazi nahi dute
Bide beretik, Perurenari ere garrantzitsua iruditzen zaio Lurretik Ikasiz bezalako ekimenak garatzea, eta hainbat arrazoi eman ditu horretarako. «Ikasleek ez dute nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko berririk, eta ez dakite egoeraren berri. Horrelako proiektuak inportanteak dira kontzientzia hartzeko». Horrez gain, ekintzailetzaren ikuspegitik duen garrantzia ere nabarmendu du: «Beraiek ere horrelako proiektu bat sortzen ahal dutela ikusteko balio die, eta horrekin bizitzen ahal dela eta hori ere polita dela».
Hasi berri den ikasturteari begira ere, berriz ere programan parte hartzeko gogotsu dira bai Lurretik Ikasiz egitasmoko zazpi ekoizleak eta baita Perurena ere. Irakasleak ez du inolako dudarik aukera badu, berriz ere saiatuko dela proiektua ikasleekin lantzen. «Eskerrak eman nahiko nizkieke ekoizleei horrelako gauzak politak sortzegatik», borobildu du.