Bihartik aitzinera ikastetxeetara bueltatuko dira ikasleak Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 4a, 13:00

Udako oporrak bukatuta, aste honetan hartuko dute Nafarroako ikasleek ikastetxeetarako bidea. Irakasleak izan ziren goiztiarrenak, gehienak astelehenean hasi zirelako lanean. Eta Ipar Euskal Herriko ikasleak ere astelehenean bueltatu ziren. Hegoaldeko ikasleen kasuan, ikastetxearen eta ikasketa mailaren arabera, batzuk bihar, irailaren 5ean, hasiko dira eta gainerakoak ondoko egunetan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zehaztutako eskola egutegiaren arabera, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-6 urte), Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleek irailaren 5etik 9ra bitarte hasi beharko dute ikasturtea. Guttienez 175 eskola egun izan beharko dituzte.

DBHko eta Batxilergoko ikasleak, berriz, bihar, irailaren 5ean hasiko dira. Eta Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, Oinarrizko Mailakoek bihar, irailaren 5a, izanen dute lehenbiziko eskola eguna. Erdi Mailakoak astelehenean, irailaren 9an, hasiko dira eta Goi Mailakoak irailaren 11n.

Hizkuntza eskolen kasuan, ezin izanen dute irailaren 18a baino lehen hasi.

Oporrak

Maila guzietako ikasleek Eguberrietako oporrak abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra izanen dituzte Nafarroan, biak barne, eta Aste Santuko oporrak apirilaren 17tik 27ra, biak barne.

Ikasturtea ekainean bukatuko da. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-6 urte), Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleek ezin izanen dute ekainaren 18a baino lehen bukatu ikasturtea, ezta ekainaren 20aren ondotik ere. DBHko, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleek ekainaren 18a izanen dute ikasturteko azken eskola eguna; eta hizkuntza eskolek beranduenez maiatzaren 19a. Irakasleek, berriz, ekainaren 30a izanen dute azken lan eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun