Saharara bueltatu dira uda eskualdean pasatu duten haurrak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 4a, 12:30

Udan Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan izan diren 11 haur errefuxiatuak, Nafarroako bertze herrietan gelditu diren sahararrekin batera, etxera itzuli dira. Orain Elizondoko feriako tonbola prestatzen hasi da Saharaztan elkartea eta eskualdeko komertzio, enpresa, sortzaile eta eragileen laguntza eskatu dute.

Oporrak Bakean da Saharaztanek sustatu eta parte hartzen duen proiektu nagusietako bat, eta aurtengoa akitu dela adierazi du elkarteak: «dagoeneko haur errefuxiatu sahararrak ez daude gure etxe, baratze, plaza, frontoi edo erreka bazterretan, beren bizitoki idor eta gordinean baizik. Guraso, familia eta lagun artera itzuli dira; legar harritsu gaineko josteta libre eta bizkorretara; neskak alde batetik elkartuak eta mutilak bertze aldetik elkartuak baina elkarrengandik bereizirik antolatutako hezkuntza sistema batera; osasun sistema huts batera… horixe da, bertzeren artean, beraien errealitatea». Hala ere, «atzokoan, autobusean sartu eta gehien-gehienak irribarrea ahoan eta motxila bete ondasun eta esperientzia bueltatu ziren».

Horrez gain, «haurren egonaldian, beraien presentzia gure artean irudikatzen zuen tokiko eraikin batean jarritako bandera kenduarazi ziguten. Aitzitik, haurren irri, mintzo eta esentziak gure artean segitzen dute eta egoerak bere horretan jarraituz gero, elkartasun programa hau luzaroan bizirik mantentzeko ahaleginetan segituko dugu».

Tonbola Solidarioa prestatzen

Urri akabailan Elizondon egiten den udazkeneko ferian Tonbola Solidarioa paratuko du bertze behin Saharaztanek. Horretarako, dei egin diete eskualdeko komertzio, enpresa, artista eta sortzaileei, bertzeen artean, «baita eskualdetik kanpo eta urrunago direnei ere». Lagundu nahi dutenek saharaztan@hotmail.com helbidera idazten ahal dute, baita Instagram edo Facebook bidez eta elkarteko norbaitengana hurbilduz.

Adierazi dutenez, «guztion borondate eta ahalegina eskertua izanen da». Izan ere, «lortzen diren irabaziekin, Saharako herriaren egoerak bere horretan irauten badu, 2025ean Oporrak Bakean programa beharko baita haur saharar errefuxiatu andana bat uda sasoian bizitoki duten basamortu bazterretik ateratzeko. Egin gurekin bat eta lagundu tonbola solidarioarekin! Sahara sahararrentzat!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun