Nafarroa txapeldunorde izan da emakumezkoen III. taldekako herri kirol triatloian

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 2a, 10:00

Emakumezkoen taldekako hirugarren herri kirol triatloiko parte hartzaileak eta sari emaileak, ortziralean Elgoibarren. Gipuzkoa suertatu zen eta Nafarroa txapeldunorde.

Gipuzkoa nagusitu zen ortziralean Elgoibarren eta bigarren posturako lehia estua izan zuten Nafarroak eta Arabak

Emakumezkoen taldekako herri kirol triatloiaren hirugarren edizioa jokatu dute abuztuaren 30ean  Elgoibarko Aita Agirre plazan. Nafarroako taldean Iturengo Estefi Etxebeste harri jasotzailea, Berako Nerea Sorondo aizkolaria eta, txinga eramaten, Iranzu Fierro aritu ziren. Bigarren izan ziren, txapeldun suertatu zen Gipuzkoaren gibeletik.

Gipuzkoako hirukotea (Lierni Osa harri-jasotzailea, Nerea Arruti aizkolaria eta Ainitze Zumeta txinga eramaten) jaun eta jabe izan zen eta 14 minutu eta 42 segundo aski izan zituen lana bukatu eta txapela lortzeko. Lehiarik handiena bigarren posturako izan zuten Nafarroak eta Arabak (Eider Garcia Durana harri jasotzailea, Oihana Fernandez de Barrena aizkolaria eta Sara Jimenez de Aberasturi txinga eramaten). Bigarren txandako aizkora saioa berdindurik bukatu zuten eta hirugarren txandako txinga eramate saioa eta gero, zortzi segundo aitzinetik ziren arabarrak, baina Estefi Etxebestek minutu bakarra aski izan zuen 50 kiloko bolari hamabi jasoaldi emateko eta Nerea Sorondok azken enborra bizkor moztu zuen. Honela, Nafarroak lortu zuen bigarren postua (16.10), hamahiru segundoko aldearekin. Bizkaiko taldean ez zuen Zelai III.ak parte hartzerik eta hori emaitzan sumatu zen. Azkenak izan ziren Nerea Egurrola, Patricia Martin eta Lucia Orbe (20.13).

Estefi Etxebestek, Nerea Sorondok eta Iranzu Fierrok bigarren postua eman zioten Nafarroari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun