22 urtez beheitiko munduko pilota txapelketa jokoan da egunetan Iruñeko Labriten. Protestak izan dira, Euskal Herriko pilotariek ezin dutelako Euskal Herria ordezkatu eta Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatu behar dutelako. Hain zuzen, eskuz binakako pilota txapelketako finalerdiak jokatu zituzten atzo. Espainiako selekzioarekin Beñat Apezetxea goizuetarra eta Unax Apeztegia elizondoarra aritu ziren eta ez zuten arazorik izan Frantziako ordezkari izan ziren Gaillard eta Bassibeyri bi jokoak 18 minututan irabazteko (10-1, 10-1). Abuztuaren 31n, larunbat arratsaldean 17:00etan hasita jokatuko diren finaletako bigarrenean jokatuko dute finala finalerdian Bolivia menperatu zuen Mexikoren kontra. Ez da eskualdeko bertze pilotaririk izanen finaletan.
Beñat Apezetxeak aipatu zuenez, finalerdian «gustura ibili gara kantxan. Finalean lan gehiago emanen digute mexikarrek, efektoak eta jokaldiak gustatzen zaizkie». Unax Apeztegiarentzat ere «uste baino errazagoa» izan zen finalerdia, «gehiago kostako zitzaigula uste nuen, baina frontisetik urrun kontu ditugu eta hortik etorri da garaipena».