Nekazari Egunean, abeltzaintzak eskualdean duen garrantzia nabarmendu nahi dute eta, bereziki, azpimarratu zaldi aziendek Mendialdeko ekonomia, kultura eta paisaia tradizionalean izan duten zeregina.
2023ko abeltzaintza erroldaren arabera, Mendialdean 300 ustiategi inguru daude zaldi aziendarekin eta 3.000 abelburu baino gehiago erroldatuta. Burguete, Jaca Navarra, Pottoka, mendiko behor tradizionalak, mestizoak.. dira gure mendietan eta eskualdeko herri lurretan bazkatzen duten arraza nagusiak. Igandean, Mendialdeko ustiategietako 100 abelburu baino gehiago egonen dira ikusgai. Eta salmentarako berriz, 50 buru baino gehiago; zaldiko eta behoka gazteak dira (2022an eta 2023an jaiotakoak), gehienak Mendialdekoak.
Egun berean, Mendialdeko Azoka Ibiltaria ere antolatu dute eta eskualdeko artisau eta nekazaritzako elikagaien eskaintza zabala jarriko da bisitarien eskura. Bi ekimenak lotuta, Lekunberriko eta Larraungo udalek apustua egin nahi dute azoka indartu eta nekazaritzako eta abeltzaintzako azoken mapan kokatzeko.
Lekunberriko Artzanegi kalean kokatuko dira zaldi eta behorren erakusketa eta salmenta, eta bertako produktuen merkatua, anfiteatroko parkearen inguruan, 10:00etatik 15:00etara. Jan-edanik ere ez da faltako eta ekoizleek postuetan salduko dituzten jakiez gain, zaldikiz egindako pintxoak erosteko aukera ere izanen da.
Aralar Musika Eskolak azoka alaituko du kaleko musikarekin, eta, gainera, azokako esparrua nekazaritzako eta abeltzaintzako antzinako tresnekin apainduta egonen da, nekazaritzak eta abeltzaintzak Mendialdean zer-nolako tradizio sendoa izan duen gogoratzeko. Honekin batera, Ondare Elkartearen eta Azken Muga Elkartearen eskutik, garai bateko ikazkinek ikatza nola egiten zuten ikusteko eta ikasteko aukera ere izanen da Nekazari Egunean. Aurreko egunetan, txondorra eraikitzeko lanak eginen dituzte auzolanean, eta abuztuaren 31n piztuko dute, Nekazari Egunaren bezperan, eta 10 egun inguru egingo ditu piztuta. Prozesua bukatzen denean, ikatza aterako da eta herrian egiten diren ekitaldietan erabiliko da ikatz hori.
Jarduera hauek, bai zaldi azoka, bai Mendialdeko Azoka Ibiltaria ere, eskualdeko udalek egiten dituzten ekintzen barruan kokatu behar dira. Arano, Araitz, Areso, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberri biltzen ditu Mendialdea eskualdeak, eta azken urteetan estrategia eta programa oso bat lantzen ari dira lehen sektorea indartu eta biziberritzeko, lankidetza desberdinen bidez (bereziki Cederna Garalurrekin) eta 2022ko amaieran hasitako eskualde-garapeneko estrategiaren bidez.