Nafarroako erremonte txapelketako ligaxkako azken partida irailaren 1ean, igandean Artaxoan jokatuko da. Finalerdietako gurutzaketak erabakitzeko erabakigarria izanen den partida honetako lau erremontistak eskualdekoak izanen dira. Beraien multzoko lehen postua jokoan izanen dute Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalaren ordez ariko den Markel Leatxe donamariarrak, Xuban Iturregi iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra. Partida honen irabazleak Sagaseta eta Otano izanen ditu arerio finalerdietan eta galtzaileak, Otxandorena eta Ion.
Igandean 18:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Barricart, Mikel Mikelarena oiztarraren eta Otanoren kontra ariko dira.
Txapelketako jaialdi guztietan bezala, ADANO elkartera bideratuko da sarreran bildutako dirua. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira.