ERREMONTEA

Otxandorena eta Ion izanen dira beraien multzoko buru finalerdietarako

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 26a, 14:00

Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion gustura larunbatean Milagron irabazi eta beraien multzoko buru gelditu ondotik.

Larunbatean Milagron jokatutako Nafarroako erremonte txapelketako bosgarren jardunaldian 35-23 irabazi zieten Sagasetari eta Otanori

Nafarroako XIX. erremonte txapelketako bosgarren jardunaldia jokatu dute larunbatean Milagron. Bi bikoteak finalerdietarako sailkatuak zeuden, baina beraien multzoko buru izatea zuten jokoan. Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek 35-23 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Otanori. Otxandorena izan zen partidako onena, hamasei tanto egin baitzituen.

Milagroko jaialdiko lehen partidan oiztarrak gailendu ziren, Mikel Mikelarenak eta Aimar Saldiasek 30-25 irabazi baitzieten Matxin III.ari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Ligaxkako azkena irailaren 1ean Artaxoan

Nafarroako erremonte txapelketako ligaxkako azken partida irailaren 1ean, igandean Artaxoan jokatuko da. Hemen ere multzoko lidergoa jokoan izanen dute Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak, Xuban Iturregi iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra. Partida honen irabazleak Sagaseta eta Otano izanen ditu arerio finalerdietan eta galtzaileak, Otxandorena eta Ion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun