Ikasturte hasieran seme-alaba bakoitzeko familiek 328 euro gastatuko dituztela dio Irachek

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 25a, 09:00

Irache Kontsumitzaileen Elkarteak eskatuta, inkesta egin du Cies etxeak, eta horren arabera, bana bertze gurasoek seme-alaba bakoitzeko 328 euro gastatuko dituzte ikasturte hasieran. Horren harira, kontsumo arduratsua egiteko deia egin du Irachek, eta egiatan etxeko ttikienek behar dutena erosteko aholkatu du.

Dena den, gastua «etxe bakoitzeko egoeraren eta erabakien araberakoa» izanen dela argitu du Irachek. Inkestaren arabera, familien % 56k 100 eta 400 euro artean gastatuko du ikasturte hasieran; familien % 19k 400 eta 600 euro artean; % 15ek 100 euro baino guttiago eta % 9k 600 euro baino gehiago.

Arropa

Arropari dagokionez, uniformeak erabiltzen dituzten ikastetxeetan, Iracheren hitzetan, «arraroa litzateke txaketa, nikia eta galtzagatik 80 euro baino guttiago gastatzea, eta horri oinetakoak gehitu behar zaizkio. Gastuak goiti egin dezake kirol arropa erosi behar badute. Bertze 50 euro izaten ahal dira lasai ederrean, oinetakoak kontuan hartu gabe».

Liburuak

Lehen eta bigarren hezkuntzetan testuliburuen doako programarekin bat egin dezakete ikasleek. Baina hala egiten ez dutenek, «gutti goiti-beheiti 85 euro baino gehiago gastatuko dituzte eta kopuruak goiti egiten ahal du ikasturteak aitzinera egin ahala». Horri lotuta, «gero eta gehiago dira bigarren eskuko liburuak erosten dituztenak», esplikatu du Irachek.

Materiala

Gainerako materialen artean ere badira aldeak Iracheren inkestan ageri denez. Konparazio batera motxilen kasua aipatu du: «Badira zortzi eurotik goitiko motxilak, eta aldi berean, badira 90 eurora hurbiltzen diren marka eta futbol talde batzuetako motxilak».

Bertze gastuak ere aipatu ditu: «Estutxe, boligrafo, lapitz eta margoen gastua aisa izaten ahal da 40 eurotik goitikoa eta horri koadernoak, orriak eta karpetak gehitu behar zaizkio». Honela adierazi du: «Ikastetxe jakin batzuetan gastua 100 eurokoa izan daiteke, bertzelako tresnak ere behar izaten baitituzte: aizturrak, kola, zelo… Eta tresna tekniko gehiago behar badira, hau da, konpasak, kalkulagailu zientifikoa… gastua igo eginen da».

Garraioa

«Ikastetxe kontzertatuetan garraioa hilabetean 100 eta 130 euro artean kostatzen da», azaldu du Irachek.

Jantokia

Jantokiko gastuari dagokionez, «ikastetxearen, haurrak ikastetxean bazkalduko duen egun kopuruaren eta jantokiko haur kopuruaren araberakoa da. Hilabeteko gastua 105 eta 150 euro artean izan ohi da ikaslea egunero joaten denean».  

Iracheren aholkuak
  • Ikastetxerako behar den guztiaren zerrenda egin.
  • Lehendik etxean zer dagoen begiratu, hartara, egiazki behar dena zer den ikusteko.
  • Erosketa batzuen kasuan, prezioak konparatzeak laguntzen ahal du.
  • Marken gainetik, produktuen kalitatea kontuan hartu.
  • Denda aunitzetan deskontuak eta promozioak eskaintzen dituzte.
  • Haurrei materiala zaintzearen garrantzia erakutsi, produktuak ahalik eta gehien iraun dezan.
  • Segidan behar ez bada, erosketak poliki-poliki egin eta eskaera gehien izaten den garaitik kanpo.
  • Gero eta gehiago dira bigarren eskuko materiala edo trukerako materiala eskaintzen duten plataformak.
  • Erosketen tiketak eta fakturak gorde, gerora erreklamatu behar badira eskura izateko.
  • Laguntzen eta beken berri bildu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun