[GUTUNA]: Lurralde Kohesiorako Departamentua eta euskarafobia

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 24a, 09:00

Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean, idatzi hau bidali du Fermin Zabaltza Alemanek. Etxalarren eta Arraitzen gaztelania hutsean paratu zituzten seinaleen harira gertatutakoa izan du hizpide.

2021eko urtarrilean, Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak (PSOEren eskuetan) bi seinale jarri zituen gaztelania hutsean, Arraitzen eta Etxalarren (radarrak iragartzen zituzten: Por su seguridad, control de velocidad). Beti da bidegabekoa, baina gainera, beren legearen arabera, «eremu euskaldunean» daude herri horiek.

Donamariako herritar batek kexa jarri zuen Arartekoan, elebitan jar zitzaten. Ba Lurralde Kohesiorako Departamentua hiru (!) urtez aritu da luzamenduetan, gezurrak esaten eta aitzakiak jartzen, euskararik ez jartzeko, ea herritar hori nekatzen ote zen.

Lehenik Arartekoari esan zion Espainiako Gobernuaren eskumena zela. Espainiako Gobernuak esan behar izan zuen ezetz («Espainiako Gobernuak ez du eskumenik Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako errepideetan»).

Ondoren, Lurralde Kohesiorako Departamentuak erantzun zuen ez zegoela legez behartua elebitan jartzera, epaileek 103/2017 Foru Dekretuaren kontra emandako epaiarengatik (PSOEko Juan José Lizarbek jarri zuen errekurtsoa, UGT ordezkatuz).

Nafarroako Arartekoak ez zuen onartu Lurralde Kohesiorako Departamentuak legeaz egiten duen interpretazioa, eta adierazi zion Nafarroako «eremu euskaldunean» nahitaezkoa dela kartelak elebitan jartzea (eta legez nahitaezkoa ez balitz ere, zer? Zergatik erdara hutsean?).

Departamentuak esan zuen Arartekoaren gomendioa beteko zuela... baina ez zuen deus egin. Azkenik, herritarrak berriz Arartekora jo, eta hau erantzun zion Lurralde Kohesiorako kontseilari Óscar Txibitek: «Erabaki dugu testua kentzea eta piktograma bakarrik uztea. Horrela, zabalpen handiagoa izanen du, baita beste nazionalitate batzuetako gidarien artean ere».

Ba hau da Lurralde Kohesiorako Departamentuaren jokabidea. Beste hainbat estrategia ere erabiltzen ditu euskararen kontra.

Berriki, Maria Txibite presidenteak esan du antzekotasunak ikusten dituela Kataluniako Illaren Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Ba gaixoak, katalanak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun