Nafarroako XIX. erremonte txapelketako bosgarren jardunaldia jokatuko dute abuztuaren 24an Milagron. Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion, Jon Sagaseta iruritarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Bi bikoteek lortua dute finalerdietarako txartela, baina beraien multzoko lidergoa izanen dute jokoan.
Ortziralean 18:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan, Matxin III.a eta Markel Leatxe donamariarra, Mikel Mikelarena eta Aimar Saldias oiztarren kontra ariko dira. Txapelketako jaialdi guztietan bezala, ADANO elkartera bideratuko da sarreran bildutako dirua. 22 urtetik goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro eta ttikiagoak doan sartuko dira. Gainera, ostatua paratuko dute Milagron eta bertan biltzen dena ere ADANO elkartearentzat izanen da.